100 korrikalarik parte hartuko dute II. Anttine Trail proban

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 21a, 11:59

Iturriozko aparkalekutik Herniora 4 kilometroko kronoigoera izango da etzi; irabazleek iazkoen denborak hobetuz gero, 150 euroko sari bana jasoko dute.

Larunbat honetan egingo dute, bigarrenez, Anttine Trail mendi lasterketa Asteasun. Iazko arrakasta ikusita, Anttine Elkarteko kideek berriro antolatzea erabaki dute. Guztira, 100 lasterkarik parte hartuko dute; iaz, 80 izan ziren, eta aurten, 20 gehiagorentzat lekua egitea erabaki dute. Jada amaitu dira dortsal guztiak.

Larunbata egun berezia izango da eskualdean, eguerdian 23. Korrika igaroko delako. «Hori ere kontuan izan dugu, baina ezin izan genuen beste data egokiagorik ezarri». Izen ematean, ordea, ez zuten arazorik izan, eta nahiko azkar bete ziren dortsal guztiak. «Azkenean, ordu erdi aurreratu dugu hasiera ordua, parte hartzaileak eta ikusleak gero Korrikan parte hartzera iritsi daitezen», azaldu du Irazuk.

Aurten 09:30ean emango zaio hasiera lasterketari Iturriozko aparkalekuan, Iturriotz baserriaren ondoan, baina lasterkari guztiak ez dira elkarrekin irtengo. Kronoigoera egin zuten iaz, eta aurten ere hala izango da. Hernioko tontorrera igo beharko dute korrikalariek; 45 segundoero bat abiatuko da. 4 kilometroko igoera izango dute aurretik, 482 metroko desnibel positiboarekin.

Xabi Irazu Anttine Elkarteko kideak aipatu du herri kirolaria dela Asteasu, eta Herniok izen handia duela bertan. «Garai batean lehia handia izaten zen herritarren artean, tontorreraino igotzeko egindako denboren inguruan. Gaur egun ere lehia horrekin jarraitzen dugu. Horregatik, ohiko lasterketa egin ordez, kronoigoera egitea pentsatu genuen», azaldu du.

Ibilbide «gogorra» dela gaineratu du. Gogortasuna, ordea, askotarikoa izan daitekeela aitortu du, baldin eta norberak bere burua zenbat eta nola estutzen duen. «Topera hasiz gero, oso gogorra bilakatu daiteke». Taldean ez joatearen eta norberak bere erritmo egokia ondo ezagutzearen eragina ere aipatu du antolatzaileak: «Zailtasun bat izan daiteke. Igoera irregularra da, gainera. Ezinezkoa da erritmo jakin bat jarri eta horri eustea. Beraz, oso garrantzitsua izango da norberak bere burua ondo ezagutzea eta esfortzuak erregulatzea».

Horri lotuta, iaz lasterkari azkarrenak egindako marka nabarmendu du: 25.14ko denborarekin irabazi zuen Hassan Ait Chaouk. Emakumezkoetan, Ane Iturria izan zen azkarrena: 33.16. Denborak «oso onak» direla aitortu du Irazuk, baina gerta litekeela larunbatean korrikalariren batek hobetzea. Horretarako, korrikalarien mailak ez ezik, eguraldiak ere eragina izan dezakeela aurreratu du: «Larunbat goizean baliteke euria egitea, baina oraindik ez dago batere argi. Errekor berria ezarri edo ez, gertu ibiliko dira».

Partaideren batek errekor berria ezarriz gero, 150 euroko ordainsaria jasoko du. Bestelako sariei dagokienez, bai gizonezkoetan, baita emakumezkoetan ere, lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte sariak. Irabazleak txapela jantziko du, eta podiumera igoko diren korrikalariek zenbait sari irabaziko dituzte Horrez gain, herriko onenek ere izango dute saria.

Hain justu, elkarteko kideen helburu nagusia herritarrek lasterketan parte hartzea da. «Bi urte hauetan ikusi dugu hori lortu dugula, baina noski, maila handiko korrikalariek parte hartzeak ere izena ematen dio lasterketari. Aurten badira lasterketa irabazteko zenbait hautagai».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!