Euskaraz bixi-bizi ekimeneko irteera arrakastatsua

Ataria 2024ko martxoaren 11

30 partaidetik gora izan ziren martxoaren 2an eta parte hartzaileek proiektuarekin aurrera egiteko gogotsu daudela adierazi dute.

Euskara ikasleak, euskaraz zerbait ulertzen duten herritarrak eta euskaraz bizi diren asteasuarrak batu ziren martxoaren 2an Euskaraz bixi-bizi izeneko ekimenean. 30 lagunetik gora bildu ziren eta antolatzaileek «arrakastatsutzat» jo dute egitasmoa.

Euskaraz bixi-bizi, Mundu Bat Asteasun proiektuko euskara taldeak martxan jarri duen egitasmoa da eta haien asmoa Asteasun euskaraz ikasten ari diren herritarrei euskaraz egiteko aukera «dibertigarriak» eskaintzea da. Honenbestez, martxoaren 2an goizean plazan elkartu eta euskarazko hitz batzuk ikasteko eta lotsa galtzeko hainbat jolas egin ondoren, Otabardi aterpetxerako bidea egin zuten oinez. Behin han, taloak egiten ikasteko aukera izan zuten aterpetxeko seme-alaben eskutik. Bazkalostean egun pasa borobiltzeko, hainbat euskal kanta abestu zituzten elkarrekin.

«Dakiten euskara praktikatzeaz gain, bertako eta kanpotik etorritako herritarren arteko harremanak sendotu eta Asteasuko txokoak ezagutzeko aukera ezin hobea izan da», adierazi dute partaideek. Eta aurrera begira, euskara, harremanak eta aisialdia uztartzen dituzten plan gehiago antolatzeko gogotsu daudela esan dute. Salsa eta bachata ikastaroa antolatzeko asmoa dute ekimenean parte hartzen ari diren herritarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!