Euskara praktikatzeko ekimena jarri dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 20a, 19:00

'Euskaraz bixi-bizi' izena jarri diote eta Mundu bat Asteasun egitasmoaren barruan sortu da, atzerriko jatorria duten herritarrei dakiten euskara praktikatzeko aukerak eskaintzeko.

Mundu bat Asteasun egitasmoaren barruan, atzerriko jatorria duten herritarrei dakiten euskara praktikatzeko aukerak eskaintzeko helburuarekin jaio da Euskaraz bixi-bizi ekimena. Euskara praktikatzeko aisialdi planak antolatzea da asmoa eta helburu ezberdinak landu nahi dituzte: euskara praktikatu eta hobetzea; harreman eta ingurune euskaldunak eskaintzea dagoeneko euskaraz zertxobait dakitenei; Asteasu, inguruak eta gure kultura elkarrekin ezagutzea; eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, batez ere, euskaraz ondo pasatzea.

Bi jarduera prestatu dituzte Mundu bat Asteasun egitasmotik, «mimo eta ilusio handiz», lehen urrats modura, «euskara ikastea eta praktikatzea jolasa izan dadin, atsegina izan dadin».

Martxoaren 2an, 11:00etarako, Otabardi baserrira paseoa antolatu dute. Jarraian 12:30ean talo tailerra egingo da bertan, eta bazkalosterako, kantu saioa prestatu dute. «Euskara ikasten ari direnentzat hiztegitxoak eta kantutegiak banatuko ditugu», esan dute antolatzaileek.

Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: 626 23 58 84 telefonoan edo kultura@asteasu.eus helbidean. Otsailaren 26a izango da izen emateko azken eguna.

Maiatzerako, berriz, salsa eta merenge ikastaroak antolatuko dituzte euskaraz, eta ordurako ere hiztegitxoez gain, jolasak eta dinamikak prestatuko dituzte euskarazko hitzak ikasi eta barneratzeko. «Deialdi berezia egiten diegu euskara ikasten ari diren asteasuar guztiei eta baita euskara ulertu baina hitz egiteko lotsa edo zailtasuna dutenei ere. Haien neurrira, ondo pasaz, euskara ikasteko aukera ezin hobeak izango direlako".

Era berean, euskaraz bizi diren eta bizi nahi dutenei ere luzatu diete antolatzaileek parte hartzeko gonbita, esan dutenez, euskara ikasten ari diren herritarrei laguntzeko hiztun guztiak dira ongi etorriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!