Asteasuko Usarrabi pilotalekua jendez gainezka izan da gaur arratsaldean. Zazpi harri jasotzaile aritu dira lehian Euskadiko Harri Handien Txapelketa irabazteko, baina faborito argi bat zegoen, eta ez du hutsik egin: Urdax Magunazelaiak sekulako erakustaldia egin du, eta txapela janzteaz gain, txapelketako marka berria ezarri du, 10.150 kilo jasoz. 200 kiloko laukizuzenari 11 jasoaldi eman dizkio, 175 kiloko zilindroari 16, 150 kiloko kubikoari beste 16, eta 125 kiloko bolari 22 jasoaldi. Bere kuadrillakoak builaka aritu dira animatzen, eta tarteka mantra bat abesten zuten: «Urdax entzun, zu zara txapeldun».
Txapeldun bilakatuta, «ametsak egi bihurtuta» sentitzen dela esan du Magunazelaiak. «Nire ilusio handienetako bat Aimarren [Irigoien] marka hobetzea zen, lortu dugu, eta gainera zatitxo bat atera diogu». Aitari eskaini dio txapela eta marka berria, bere ingurukoei zein prestatzaileei, eta baita berarengan sinistu duten guztiei. «Ametsak egi bihurtu ditugu eta gaur etxera pozik goaz. Gaur ikaragarrizko eguna izan dut, eta oso ondo sentitu naiz». Bide batez, kuadrillakoei eta ingurukoei eskertu die jasotako animoengatik.
Bigarren posturako lehia estua izan da, eta azkenean Gari Garmendiak eraman du, txapelketako bere lehen parte hartzean, bolarekin egindako 18 jasoaldiei esker. Horrela izan da sailkapena:
Laukizuzena 200 kilo |
Zilindroa 175 kilo |
Kubikoa 150 kilo |
Bola 125 kilo |
Guztira |
|
1. Urdax Magunazelaia | 11 jasoaldi | 16 jasoaldi | 16 jasoaldi | 22 jasoaldi | 10.150 kilo |
2. Gari Garmendia | 5 jasoaldi | 9 jasoaldi | 9 jasoaldi | 18 jasoaldi | 6.175 kilo |
3. Xabier Aranburu | 6 jasoaldi | 8 jasoaldi | 9 jasoaldi | 15 jasoaldi | 5.825 kilo |
4. Jon Unanue | 6 jasoaldi | 8 jasoaldi | 9 jasoaldi | 14 jasoaldi | 5.700 kilo |
5. Julen Diaz | 5 jasoaldi | 7 jasoaldi | 8 jasoaldi | 11 jasoaldi | 4.800 kilo |
6. Sergio Mielgo | 2 jasoaldi | 7 jasoaldi | 9 jasoaldi | 14 jasoaldi | 4.725 kilo |
7. Aimar Galarraga | 5 jasoaldi | 8 jasoaldi | 5 jasoaldi | 12 jasoaldi | 4.650 kilo |