Harri handien txapela jokoan, Asteasun

Ataria 2023ko abe. 13a, 19:59

Harri jasotzaileak, Joxe Anjel Sarasola aurkezlea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kiroletako Federazioaren lehendakaria eta Xabier Roteta Asteasuko Kirol zinegotzia, aurkezpenean.

Larunbatean Euskadiko Harri Handien Txapelketa egingo da Usarrabi pilotalekuan. Urdax Magunazelaia da faboritoa.

Harri jasotzearen erdigune bihurtuko da Asteasu, beste behin, herriko Usarrabi pilotalekuan jokatuko den Euskadiko Harri Handien Txapelketarekin. Larunbatean izango da, 17:30ean hasita, eta zazpi harri jasotzaile ariko dira txapelaren lehian: Gari Garmendia, Julen Diaz, Aimar Galarraga, Jon Unanue Goenatxo III.a, Sergio Mielgo, Xabier Aranburu Guzta eta Urdax Magunazelaia. Imanol Royo Lartain ere parte hartzekoa zen, baina lesio bat tarteko ez da larunbatean lehian ariko. 

Iazko txapelketa ere Asteasuko pilotalekuan egin zen, eta Magunazelaia izan zen garailea, baina dopin kontrolean lasaigarri batekin positibo eman ondoren txapela kendu eta Jokin Eizmendiri eman zioten, proban bigarren egin zuenari. Aurtengo abuztuan bukatu da Magunazelaiari ezarri zioten zigorra, eta bera izango da faborito argia. Bestalde, Eizmendik ez du parte hartuko, oraindik ez delako osatu bere lesiotik. 

Hiru minutuko txanda izango dute harri jasotzaileek ondorengo harri bakoitzarekin: 175 kilo edo 200 kiloko laukizuzena, 175 edo 200 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Lau harriekin egindako lanean altxatutako kilo kopuru handiena duenak irabaziko du txapela. 

Aurreko urtean Magunazelaiak 58 jasoaldi egin zituen, eta guztira 9.050 kilo altxatu zituen. Eizmendik 49 jasoaldirekin 7.700 kilo altxatu zituen. Iazkoan laugarren egin zuen Guzta-k eta orduan 39 jasoalditan 6.025 kilo altxatu zituen. Aurten ere ikusmina sortuko du txapelketak, eta Asteasuko Usarrabi pilotalekuan sarrera ona izatea espero da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!