ELKARRIZKETA

«Letren egilea neu naiz, baina ez hainbeste eragilea»

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 15a, 07:58

Iñaki Irazu Garmnedia idazlea 'Zakur zaunkak' liburuarekin. J.M.

Susa argitaletxearekin kaleratu du Iñaki Irazu Garmendia idazle asteasuarrak bere bigarren poesia liburua, Zakur zaunkak izenekoa; 20 poema bildu ditu bertan.

Iñaki Irazu Garmendiak (Asteasu, 1958) 2018an kaleratu zuen bere lehen poesia liburua, Errukiaren saria. Ordutik hona idatzi dituen poemetako batzuk bildu ditu liburu berrian. Durangoko Azokan aurkeztu du.

Aurreko liburuaren aldean zer berritasun dakar 'Zakur zaunkak' honek?

Esango nuke bide bereko poemak direla oraingoak ere. Estilo aldetik ez dago aldaketa handirik. Aurrekoan bazeuden zipriztin moduko poema batzuk, kanta batzuen letrak eta abar, oraingo liburu honek batasun handiago du. Hemengo poemak luzeagoak dira, hori bai, eta atalka emandako kontakizunak dira. Aurreko liburua kaleratu nuenetik hona idatzitakoak dira gehienak eta pare bat liburua argitaratzear geundela, epea gainean genuela idatzi nituen; eta ez dira, preseski, gutxien estimatzen ditudanak.

Nola definituko zenituzke bertan bildutako poemak?

Aurreko lanean ez bezala, oraingo honetan dagoeneko erabili dut adjektibo bat poema hauek definitzeko: narratiboak dira. Ez dira kronikak, ezta ipuinak ere, eta are gutxiago nobelak, atalka emanagatik ere. Poesian beti espero dugu subjektibitate bat, edo otoitza moduko bat, baina liburu honetan ez dago horrelakorik. Ez dago subjuntiborik edo baldintza hipotetikorik.

Zer behar duzu zuk idazterako garaian?

Uste dut idazle batek behar dituela bakea, dohaina, bakardadea... Beti ez dauzkagu baldintza onak idazteko. Zergatik idazten dudan? Nik idazteko beharra sentitzen dut, behar bezalako bat sentitzen dut inguruan dudan errealitatearekin konkordatzeko eta harmonizatzeko. Gure baitatik kanpoko bizipen horiekin egokitzapena egiteko idazten dut poesia. Nik poema bat egin eta ikusten dudanean esan dudan hori nire baitakoa dela, badagoela konkordantzia bat, bada beteago sentitzen naiz, bake bat eginda bezala. Poemak beti ekarri behar du presente bat. Egia bat azaltzeko idazten dut, errealitate bat erreskatatzeko, ez bereziki zerbait oroitzeko. Izan ere, poesia, bere horretan, beti da oroimena, eta gure identitatea ere beti da oroimena; oroitzen dugu oroitzen dugun hori gu ere bagarelako.

 

«Esan dudan hori nire baitakoa dela eta konkordantzia dagoela ikusten dudanean, bake bat eginda bezala sentitzen naiz»



Nola antolatu dituzu liburuan jasotako 20 poemak?

Hemen agertzen direnak kronologikoki antolatuak dira, eta Espainiako gerra hasi zenetik gaur arteko aroa hartzen dute. Kolore beltza, isiltasuna eta beldurra dira gerraondo eta frankismo garaia definitzen dutenak. Horrela hasi nahi izan dut liburua, Hanka bat lurrean poemarekin, giro hori adierazteko hain zuzen. Esango nuke gauaren metafora hori erabilita, ilunak ere irauten duela denboran. Aurreko denbora ez da erabat desagertzen, jarraipen bat dauka beste geografia batean, beste intentsitate batekin eta beste modu batera. Denboraren presente hori mantentzen da.

Toki batean kokatutakoak dira?

Ez dira Asteasuko istorioak. Errukiaren saria liburuan agertzen zen Andoaingo giroa, nire geografiaren parte gisa. Hemen ere badira Donostiako Gobernu Zibila eta horrelakoak, baina esango nuke gehienak Bilbo aldean jasotakoak direla.



Xumeak dira pertsonaiak, baina baita poemetan darabilzun hizkuntza ere?

Poeman beti inportantea da hizkuntzak berak daukan protagonismoa. Hizkuntza bera da «honaino» esaten dizuna. Lengoaiak berak diotsu. Poema bat ez da aurrez pentsatua. Ez da a priori bat. Neure buruan istorio horien berri dakit, eta kontatzen ari naiz horko pertsonaia horien ahotik.

Zer dute amankomunean pertsona horiek?

Ez dakit. Esango nuke pertsonaia hauek orbainak dituztela. Zauri bat dute. Uste dut soziologia aldetik, klase sozial apalekoak direla, beste modu batera esanda galtzaileak dira. Aurreko liburuan bezala, oraingoan ere, jende apala dago, eta jende apal horren bozak jasotzen ditut nik. Haien sumindurak hitzetan ematen ditut. Ohikoan ez da ematen joera hori, klase sozial altukoena izan baita betidanik poesia.

Hirugarren pertsona erabili duzu poema gehienetan. Zergatik hautu hori?

Beste batzuen istorioak, anekdotak eta aitortzak transmititzen ari naizelako. Ez dira nireak. Poema hauetan ez dago ni-a. Nahikoa korala da pertsonaiei begiratuta eta ni hori diluitu egiten da gu horretan. Istorio horiek ez ditut zehatz jaso ditudan bezala eman, linealki, hori ez litzateke poesia izango. Poema hauek ez dira kronikak, baina paragrafo guztiak egia dira, egia bat biltzen dute, esperientzia bat.

Bertso librea erabili duzu, bi kolpetan emana, simetria moduko bat sortuz.

Horrela ateratzen zait eta egitura horrek laguntzen dit tonuan ere; kontaerarena da tonua, narrazioarena. Ez dago metafora ausartik liburuan, hemen irakurleak ez du topatuko lirikarik. Bi kolpetan ematen dira poemak eta erritmo horren osakuntza paragrafoa da. Agertoki bat osatzeko aukera ematen dit paragrafoak, eta aldi berean, dei bat egiteko irakurleari harantzago joan dadin poemarekin batera.

Zer irudikatu nahi izan duzu liburuaren azalean?

Hain zuzen zidor baten irudia jaso du azalaren egileak, Alain Urrutiak. Gustatzen zait pentsatzea zidor batean, tipi-tapa, bi kolpetan goazela oinez. Zidor horrek dei bat egiten digu, bidea ibil dezagun. Jo dezagun kamio horretan barrena, eta modu horretara, aukera izango dugu honekin egokitzeko, bestea ikusteko eta hura jakiteko. Ezagutzen ez dugun bide batera batzeko gonbita da. Maite ditut gehiago bidezidorrak nora naramaten ez dakidanean.

Leire Lopez Ziluaga editoreak proposatuta iritsi ginen Urrutiarengana eta gustatu zait emaitza. Izan ere, liburu bat beti izaten da hartu-eman baten emaitza, elkarrizketa baten ondorio. Zorionekoa naiz, zentzu horretan. Editore batek aintzat hartzen duenean zure lana, bihotzak gora egiten dizu.

'Isilik lotu da' du izena liburuan jaso duzun azken poemak. Balio al du eskaintza bezala?

Azken horrek leuntzen du historiaren gogorra. Ez du zerikusirik besteekin. Ez da eskaintza bat, ez nuke esango. Amodiozko poesia bat da. Amodioa aipatzen dugunean, beti maitasun erromantikoa etortzen zaigu burura, hori ere hor dago, baina amodioa izan liteke ama eta semearen artekoa, lagunen artekoa... Poema hau, adibidez, irakurle bakoitzak bere modura hartuko du. Irakurleak osatzen du liburua. Norbera sartzen da poema bakoitzarekin harremanetan.

Zein erantzun espero duzu irakurleen aldetik?

Espero dudana da jendeak gustura irakurtzea eta plazera hartzea.

Lan honetan bilduta geratu ez diren poemak aurki beste liburu batean bilduta ikusiko ditugu?

Baietz pentsatzen dut, baina ez dago nire baitan. Aurkezpen egunean esan nuen bezala, liburu bat ekoizpen soziala da. Letren egilea, neu naiz, gehienbat. Baina letra horien eragilea ez naiz ni hainbeste. Liburua ez da nire, gure baizik. Ekoizpen prozesuan beste hainbatek parte hartzen du, talde bat dago. Emaitza, biribildu, gero irakurleak berera eramanda biribiltzen du. Espero dut urte batzuk barru beste liburu bat kaleratu ahal izatea. Nolakoa izango den esaten ez dakit.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!