Beñat Zeberio bigarren Bertsolari aldizkariaren bertso paper lehiaketan

Jon Miranda Labaien 2023ko azaroaren 28a

'Twitter zendu zenekoa' bertso sortagatik jaso du saria Asteasuko bertsolariak.

Bertsolari aldizkariak hirugarren bertso paper lehiaketa antolatu du aurten. Hamalau urte artekoen eta hamalau urtetik aurrerakoen kategoriak bereizi dituzte eta dagoeneko sarien berri eman dute. Beñat Zeberio asteasuarrak lortu du nagusien mailan bigarren saria Twitter zendu zenekoa sortagatik.

Iñaki Murua, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagolak osatu dute epaimahaia eta banatu dituzte sariak kategoriaz kategoria. Scaperoom-erako sarrerak, kanpineko egonaldiak eta bazkariak oparituko dituzte saridunen artean. Zeberiok Elkano scaperoom-erako bi sarrera eta Itziarko hostalean bi lagunentzako bazkari irabazi ditu. Parte hartzaile guztiek Imanol Lazkanoren Aho bizarrik gabe liburua oparituko zaie.

SARIAK

Gaztetxoak

  • Lehen saria:  Nora Arrizabalaga Arrieta, Azkoitia, 12 urte. Agur amatxo!
  • Bigarren saria: Ane Peña Carrasco, Azkoitia, 12 urte. Euskara.

Helduak

  • Lehen saria:  Aitor Tatiegi Loidi, 22 urte, Oñati. Desentxufa nazazu.
  • Bigarren saria: Beñat Zeberio Mateos, 18 urte, Asteasu.  Twitter zendu zenekoa.

Irabazleen bertsoak neguko Bertsolari aldizkariaren alean argitaratuko dira. Hau da Beñat Zeberioren Twitter zendu zenekoa sorta:

Dirua duenarentzat

zein erraz dena biltzea

eta edozer gauza nahi

duen bezala deitzea.

Horrenbeste aurkako aburu!

Muskek hizki bakarraz lortu du

mundua erdibitzea.

Ta kontra eginez Laboari,

Elonek lortu du txoriari

hegoak ebakitzea.

 

Txoriak ehizatzen hasi

nahi zuen Muskek gustora,

baina udazkena arte

ez zeukan sobran denbora.

Bi makil elkar gurutzatuta,

horietako bat lodituta.

Zaila da azaltzeko, ba,

nola pasa den, zoritxarrean,

txoritikan urrats bakarrean

guardia zibilen logora.

 

Nahiz jendea banatuta

egon, erasotzailea

sarri bihurtu daiteke

bi herriren ehailea.

Askok egin du deia uzteko

txiolaritza, ez babesteko

txioaren hiltzailea.

Mila esker salbatzeagatik

hainbeste jende pantailetatik,

oh Elon salbatzailea!

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!