Tartalo jaialdiko ohorezko saria jaso du Bernardo Atxagak

Ataria 2023ko azaroaren 13a

Saria jasotzearekin batera, Gasteizen ospatutako artearen arloko fantasiaren nazioarteko jaialdiaren amaierako hitzaldia eman du idazle asteasuarrak.

Gasteizen ospatu den artearen arloko fantasiaren nazioarteko Tartalo jaialdiaren lehenengo edizioan ohorezko saria eman diote Bernardo Atxaga idazleari. Jaialdiaren amaierako hitzaldia eman zuen igandean asteasuarrak.

60 kultur ekintza baino gehiago eta 100 artista izan dira protagonista Tartalo jaialdian. Zorroztasun akademikoa eta ezagutza zientifikoaren zabalkundea uztartzea izan da ekimen honen helburua. Arte adierazpen ugari izan dira azaroaren 6tik 12ra, besteak beste, erakusketak, film laburren maratoiak, tailerrak, mahai-inguruak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, rol jokoak eta cosplay lehiaketak egin dira.

Euskal Herriko Unibertsitateko letren fakultatean, Montehermoso kulturunean, Ignacio Aldecoa kultur etxean eta Artium museoan gauzatu dira ekimenak, eta Atxagarekin batera, besteak beste, Paul Urkijo eta Kepa Sojo zinemagileak eta Josemi Beltran kultur kudeatzaileak hartu dute parte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!