«Parte hartzearen kultura txikitatik errotu behar da»

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 2a, 07:57

2011tik Asteasuko alkate da Pili Legarra Kortajarena (Asteasu, 1960) eta dagoeneko iragarri du noiz utziko duen kargua: 2025eko abuztuan. Aurretik lanak bideratuta utzi nahi dizkie udal taldean erreleboa hartuko diotenei.

Asteasu Batuzek emaitzak hobetu zituen maiatzeko udal hauteskundeetan. Nola baloratzen dituzue emaitzak?

12 urte daramatzagu udal gobernuan eta urte asko dira. Normala da zenbait gaietan talka egitea, eta zintzotasunez esaten dut, aurreko emaitzak berdindu izan bagenitu gustura geratuko nintzatekeela. Ez genuen espero zortzigarren zinegotzia, beraz, balorazio oso ona egiten dut eta niri lasaitasun izugarria ematen dit gurekiko iritzia hain txarra ez dela jakiteak. Aurrera begira oposizioak zinegotzi bakarra izango du, eta aurretik gertatu bezala, berekin ere harreman ona izatea espero dugu.

2011tik zara alkate. Aurretik ere esana duzu hau izango duzula azkeneko agintaldia.

Udal hauteskundeei begira zerrendaburu izatea onartu nuenean, udal taldearen barruan errelebo bat prestatzen joateko konpromisoa hartu nuen. Asteasu Batuzeko udal taldean lau kide berri ditugu, eta errelebo horren lekuko da hori. Nik 2025eko abuztuan hartuko dut erretiroa. Nire ondoren alkatetzaren ardura hartuko duen pertsonak bi urte hauek emango ditu nirekin batera lanera. Poliki eman beharreko pausoa dela iruditzen zait, administrazio barruko funtzionamendua ezagutzen ez baduzu kosta egiten baita egokitzea. Ni lasaiago joango naiz prestatutako pertsona batek hartzen badu nire lekukoa eta udalean eman dudan etapa honi itxiera on bat emango diot modu horretara.

Erretiroa hartuko duzu.

Bai, beste herritar bat izatera pasako naiz. Parte hartuko dut herriko dinamikan eta kanpotik begiratuko diot udal jardunari. Ez dut oztopatuko hemengo martxa, bakoitzak bere erritmo eta egiteko moduak dauzka eta errespetatuko dut hori. Niri kosta egingo zait bizimodu berrira egokitzea, erritmoa jaistea, baina etapak itxi egin behar dira, etxe honetan ez da betirako egon behar. 

2019an plaza oinezkoentzat egokitzeko lanak bukatu zenituzten. Hori izan da aurreko legealdiko proiektu izarra?

Bai. 2011ko programan sartu genuen dagoeneko plazaren birmoldatzea, eta gero konturatu ginen sosik ez zegoela udalean. Lehen lau urteak zorrak kitatzen eman genuen. Orduan proiektuarekin hasi eta urteak eta urteak eman ditugu horrekin, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntza eskuratu eta mailegurik eskatu gabe egin ahal izan genuen obra. Emaitzarekin oso harro gaude. Plazak aldaketa eman dio herriari, bihurtu da bilgune zentrala. Umeak lasai ibiltzen dira bertan eta herritarrentzat bilgune printzipala da.

Eta agintaldi honetarako zein asmo duzue?

Energiaren gaia erdigunera ekartzen ari gara eta agintaldi honetan gakoa izango da. Komunitate energetikoa sortu eta hiru tokitan eguzki plakak jarri ditugu. Herriko beste eremuetara ere eraman nahi dugu eredua eta beste komunitate batzuk sortzeko aukera eman. Ikerketa egin nahi genuke agintaldi berrian.

Energia berriztagarria tokian bertan sortuko duzue eta kontsumoa murrizteko pausorik emango duzue?

Bai. Herriko eraikinen auditoriak egin ditugu energia gehiena non gastatzen den ikusteko.  Norabide horretan oso kalifikazio txarra zuen eskolan lanak egin ditugu aurreko agintaldian. Ahalegin handia egin dugu birmoldatzen, ia 437.000 euro gastatu ditugu. Diru laguntzak eskatu ditugu Eusko Jaurlaritzan eta bi urte daramatzagu Europatik zer erantzungo diguten, han ere eskatu baitugu laguntza. Gogoeta horretatik abiatuta konturatu gara, herrian izaten diren ikastaro eta eskolaz kanpoko jarduerak eraikin ezberdinetan ematen direla eta eraikin horiek zabalik mantentzeak, eta neguan berotzeak, kostu handia dakarkiola udalari. Ekonomikoki dakarren gastuaz gainera ez da jasangarria.

Ekimen horiek denak eraikin batera ekarri nahi dituzue?

Bai, hori da asmoa. Gertatzen dena da kultur etxea txiki geratu zaigula. Ez ditu herritarren beharrak asetzen. Eta berdintsu gertatzen da Lizardi etxearekin ere, han gaztelekua eta haur txokoa ditugu gaur egun. Beraz, bi erakinetan eskaintzen diren zerbitzuak eta beste hainbat, leku bakar batean ematea pentsatu dugu. Herrigunean leku egokiaren bila aritu ginen eta Kabela Berri etxea topatu genuen. Jabeekin harremanetan jarri eta prestutasuna azaldu zuten udalari eraikina saltzeko. Pertsona bakarra bizi da bertan eta hari beste etxebizitza bat bermatzeko baldintza jarri ziguten. Akordioa lortu eta udalak eraikina erosi du. Horrek azalera nahikoa ematen digu eraikin berri bat egiteko. 1.200 metro karratuko espazioa da eta lau solairutan eraikiko da. Liburutegia, ikastaroetarako gelak, erabilpen anitzeko tokia eta beste hainbat txoko izango ditu.

Zenbat kostako da eraikin berria?

Dirutza. Bi milioi euroko aurrekontua du proiektu guztiak. Arauak aldatu eta etxea erosi dugu dagoeneko. Datorren urtean etxea eraitsiko da, eta 2025ean, diru laguntza lerro bat eduki nahi genuke obrarekin hasi ahal izateko. Udala diru bat aurrezten ari da horretarako eta beste zati bat diru laguntzetatik jaso nahi genuke. Dena den mailegu bat ere eskatu beharko du udalak gastuari aurre egiteko, baina eskatzen dugunerako, aurretik dauzkagun zor guztiak kitatuta izango ditugu.

Hutsik geratuko liratekeen bi eraikinekin zer egingo duzue?

Buelta bat emango diegu. Kultur etxeko eraikina herriko erdigunean dago. Gure nahietako bat da hor apartamentu batzuk egitea hirugarren adineko pertsonentzat. Ez genuke erresidentzia ohiko bat izatea nahi, gure herriko jende bati irtenbide bat ematea baizik. Adineko pertsona asko etxebizitza zaharretan bizi dira, handiegiak direnak haientzako eta gehienetan irisgarritasunik gabe edo igogailu bat jartzeko aukerarik gabe. Pertsona horientzako apartamenduak egin nahi genituzke hor, ez jabetzan, baizik eta bizitzako azkeneko urte horiek bertan igarotzeko. Behin hil eta gero, apartamendu hori itzuli eta beste herritar batek erabili ahal izango luke. Eroso bizi daiteke bertan, plazan bertan, zerbitzuak gertu eta bizitza soziala egitea ahalbidetuko lieke pertsona horiei. Lizardi etxea, berriz, gazteen emantzipaziorako baliatu nahi genuke. Zein aukera dauden aztertzen ari gara orain.

Horiez gain, gazteentzako etxebizitza gehiago aurreikusten duzue?

Lamiategi eremuko proiektuak oso garrantzitsuak izan dira udalarentzat. Gure papera izan da lurra merke eskaintzea, lehiaketara ateratzea eta etxebizitza librea izanik ere, prezioa mugatzea. Lortu duguna da herriko gazte pila bat bertan geratzea. Datorren urtean bigarren fasea amaituko da. Kale Nagusian erortzear zegoen baserri bat ere erosi du udalak. Eraitsi egin dugu eraikina oso arriskutsu dagoelako eta lur hori etxebizitza proiektu bat garatzeko erabiliko dugu, aurretik Lamiategin egindako moduan. Arauak aldatu behar ditugu horretarako. Hirigintza plan Orokorra aldatzea izango da gure egiteko nagusietako bat agintaldi berrian. Luze joko du proiektuak, baina bien bitartean, beharra zegoela ikusita, baserria eraitsi ondoren lur horiek aparkaleku bezala erabiltzeko baliatu ditugu.

Medikuaren kontsulta gaur egun kultur etxeko eraikinean dago. Horrekin zer asmo duzue?

Txiki geratu da lokal hori ere. Administrari berri bat etorri da Asteasuko kontsultara. Berez toki hori ere ez da diskretua herritarrentzat. Nire pentsamendua da udaletxearen azpialdean, atzeko partetik sarrera izango lukeen kontsulta bat egokitzea.

Askotan hirigintza proiektuen itzalean geratzen diren beste arloei ere garrantzia ematen diozue Asteasun. 

Zehar-lerro bezala ulertzen ditugu gai horiek guztiak. Parte hartzea ezinbesteko baldintza bezala ikusten dugu proiektu guztietan. Uste dugu parte hartzeko kultura hori txikitatik sustatu behar dugula. Horretarako Soka izeneko egitasmoa abiatu genuen aurreko agintaldian, eta epe luzerako proiektua denez, jarraituko dugu datozen lau urteetan ere. Umeei hitza ematen diezunean primeran erantzuten dute eta haur parkearen diseinuarekin ikusi genuen. Ikasleen asanblada bat osatuta dago eta ikasten ari dira umeak euren beharrak udalean planteatzen. Oso proiektu polita izaten ari da eta gazteekin zerikusia duten eragile guztiak ari dira parte hartzen, gurasoak, eskola, gaztelekuko hezitzaileak eta beste eragileak ari dira lankidetzan. Udalekuak, adibidez, gazteek antolatzen dituzte gaur egun.

Jatorri ezberdineko herritarrekin ere hasi duzue lanketa.

Bai. Mundu bat Asteasun programa dugu martxan. Asteasun %10era iristen ari da kanpotik etorritakoen biztanle kopurua. Horrek herrian duen eraginari heldu nahi dio. Inoiz ez dugu liskarrik izan, baina ongi etorriak direla esatearekin ez da nahikoa. Parte hartze prozesua abiatu genuen, haiekin lantzeko hainbat gairen inguruan pentsatzeko. Harrera gida bat lantzen ari gara, eta beraien beharrak entzun ditugu, baina aldi berean, erakutsi nahi diegu gurea. Euskarara inguratu nahi ditugu. Elkar ezagutza horretatik eraiki beharko dugu etorkizuneko Asteasu eta lehenengo emaitzak ematen ari da proiektua, aurten aurreneko aldiz, euskara ikasteko bi talde sortu baitira herrian.

Erlazionatuak

Pili Legarra, Asteasuko alkatea

Jon Miranda Labaien 2023 aza 02 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!