Siemens Gamesako langileen ustez lanpostu guztiak daude «arriskuan»

Ataria 2023ko urriaren 24a

Siemens Gamesako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, Zamudion (Bizkaia) eta Hego Euskal Herriko lantegietako lanpostu guztien inguruko kezka azaldu dute, tartean Asteasukoengatik.

Siemens Gamesako langileek eta ordezkari sindikalek elkarretaratzea egin dute gaur, Zamudioko egoitzaren aurrean. Bertan esan dute Zamudioko, Mungiako eta Asteasuko lantegietako lanpostu guztiak «arriskuan» daudela. Zehazki CCOO, UGT eta ELA sindikatuek deituta egin dute gaurko elkarretaratzea eta esan dute enpresak emaitza txarrak izan dituenez lanpostuak arriskuan daudela. Horiek horrela, antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Asteasuko, Mungiako eta Zamudioko lantegietan egon daitezkeen murrizketei aurre egiteko.

Sindikatuek pasa den astean esan zuten azaroaren 21ean aurkeztuko duela Siemens Gamesak bideragarritasun plana eta kezka azaldu zuten galera handiak pilatzen ari delako. Siemensek Gamesa erosi zuenetik ezegonkortasun handia bizi du enpresak, eta horrek denak langileei eurei ere eragiten die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!