Jexux Mari Irazuk eraman du III. Pello Errota sariketa

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 23a, 11:59
Argazkia: Harituz bertsozale taldea

Eñaut Martikorena geratu da txapeldunorde eta beretzat izan da bertsorik onenari emandako Mikaela Elizegi saria.

Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean ospatu zen ostiralean III. Pello Errota bertso sariketako finala. Berrobin eta Ikaztegietan kanporaketak jokatu ondoren, finalerako sailkatu ziren lau bertsolariak aritu ziren kantuan: Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal. Irazuk irabazi zuen sariketa eta Beñat Zeberio Harituzeko kide eta bertsolari asteasuarrak jantzi zion txapela. Agurreko bertsoak txapeldunak eskualdeko bertsozaleen elkargunearen 10. urteurrenari egin zion erreferentzia: "bihotz bihotzetikan txapela opari / Harituz sortu zuen belaunaldiari / eta erreleboa hartuko dunari".

Ofiziotan zortziko handian eta txikian aritu ziren bertsolariak aurrena, puntua emanda hiruna bertso bota zituzten ondoren, eta sei puntuko motzean jarraitu zuten. Bakarka gaia emanda hiruna bertso botaz amaitu zuten lehenengo fasea. Epaimahaiko kideek horrela erabakita, Eñaut Martikorena eta Jexux Mari Irazu sailkatu ziren buruz burukora, ofiziotan aritu ondoren librean eginda amaitu zuten saio puntuagarria. Txapela Irazuri ematea erabaki zuten epaimahaiko kideek eta bertso onenaren Mikaela Elizegi saria, berriz, Martikorenari eman zioten. Sari hori, Pili Legarra Asteasuko alkate eta Elizegiren birbilobak eman zion bertsolari hernaniarrari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!