Kultur-aniztasuna dastatu dute, beste behin, Asteasun

Leyre Carrasco 2023ko urriaren 22a

'Mundu bat Asteasun' dinamikaren barruan, Kulturarteko eguna ari dira ospatzen Asteasun; 14 herrialde ezberdinetako jaki eta edanak dastatzeko aukera izan dute herritarrek.

Eguerdian Asteasun bizi diren hamalau nazionalitate elkartu dira herriko plazan lehenengo kulturarteko eguna ospatzeko asmoz. Bertan, Nikaragua, Maroko, Alaska, Txile, Portugal, Ekuador, Txina eta Kolonbiatik etorritako herritarrak izan dira, besteak beste. Bakoitzak bere herrialdeko edari eta jaki tradizionalak eraman ditu, herritar guztien artean dastatzeko.

Jan-edanak bukatu ondoren, ekitaldi bat antolatu dute Mundu bat Asteasun ekimenaren bultzatzaileek. Ekitaldia irekitzeko, aurten, lehen aldiz, herrira azken urteetan atzerritik etorri diren herritarrei ongi etorria eman diete. Kafea eta gozoak lagun, bertako kultura eta atzerritik etorritakoena uztartu dituzte: herriko bertsolariak koplaka arituko dira, euskaraz eta gazteleraz; hainbat euskal dantza ere dantzatu dituzte; eta ondoren Ekuador eta Afrika mendebaldeko dantzen erakustaldiak egin dituzte.

Ekitaldiari, urtero bezala, piñatarekin eman zaio amaiera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!