Ostegunetik igandera kulturartekotasunaren festa ospatuko dute Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 16a, 11:57

Igandeko festaren barruan herrira azken urtean atzerritik etorri diren herritarrei ongi etorria emateko ekitaldia egingo dute.

Mundu bat Asteasun dinamikaren barruan ostegunetik igandera bitarteko festa antolatu du Asteasuko Udalak egitasmoko kideekin elkarlanean. Urte asko dira kulturarteko festa egiten dutela Asteasun, baina azken bi urteetan, Mundu bat Asteasun proiektuaren barruan kokatzen dute. Aurten, lehendabiziko aldiz, atzerriko sukaldaritza dastatzeko aukera izateaz gain, herrira azken urteetan atzerritik etorri diren herritarrei ongi etorria emateko ekitaldia egingo da.

Antolatzaileek hainbat egunetako ekitaldiak antolatuta, festa egitearekin batera, ekitaldia "mamiz eta edukiz" bete nahi dute. Ostegunean Divinas elkartearen hitzaldia eta ostiralean Intujai teatro konpainiaren ipuin kontaketa saioa izango dira.

Igandean plazan izango dira ekitaldi nagusiak. Urtero bezala 12:30etik 14:00etara 14 herrialde ezberdinetako jaki eta edanak izango dituzte, eta aurretik, haurren jolasak egingo dituzte. Jan-edanak bukatu ondoren, ekitaldi bat antolatu dute Mundu bat Asteasun ekimenaren bultzatzaileek. Ekitaldia irekitzeko, aurten, lehen aldiz, herrira azken urteetan atzerritik etorri diren herritarrei ongi etorria emango diete. Kafea eta gozoak lagun, bertako kultura eta atzerritik etorritakoena uztartuko dituzte: herriko bertsolariak koplaka arituko dira, euskaraz eta gazteleraz; hainbat euskal dantza ere dantzatuko dituzte; eta ondoren Ekuador eta Afrika mendebaldeko dantzen erakustaldiak egingo dituzte. Ekitaldiari, urtero bezala, piñatarekin emango zaio amaiera.

Asteasuko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu aurtengo kulturarteko festan parte hartzera.

KULTURARTEKO FESTA

  • Urriak 19, osteguna
    • 19:00. Udaletxean Divinas elkartearen eskutik, Afrika no es un pais hitzaldia. Herriko marrokiar komunitateak prestatutako pastak eta tea izango dira.
  • Urriak 20, ostirala
    • 18:00. Intujai teatro konpainiaren eskutik Mundu misteriotsua ipuin kontaketa.
  • Urriak 22, igandea
    • 11:00. Haurren jolasak.
    • 12:30 - 14:00. Herrialdeen janari postuak.
    • 14:30 - 17:00. Kafeshow ekitaldia.
      • Urtean zehar iritsitakoei ongietorria emateko topa.
      • Kafeak eta gozoak.
      • Bat-bateko koplak, euskaraz eta gaztelaniaz.
      • Euskal dantzak: 7 jauziak, fandango eta arin-arina.
      • Ekuadorreko dantzak
      • Mendebaldeko Afrikako dantzak Kawadeni taldearen eskutik.
    • 17:00. Piñata.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!