Urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi ditu Goine gaztandegiak Pirinioetako artisau-gazta lehiaketan

Ataria 2023ko urriaren 16a

Joan den asteburuan ospatu dute Pirinioetako artisau-gaztaren lehiaketa La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak) eta bi sari lortu ditu Goine gaztandegiak.

Asteasuko Goine gaztandegia bi sailetan saritu dute: urrezko domina lortu du pasta gogorreko ardi-esnearen entzima mamiaren arloan; eta zilarrezkoa, berriz, pasta biguneko ardi-esnearen sailean. Hain zuzen, azken gazte horrek irabazi zuen joan den urtean Tolosako Esneki azokako sari nagusia. Irabazleek "oso pozik" daudela aipatu dute, antza, Pirinioetakoa oso azoka garrantzitsua delako salmentei dagokienez, eta baita lehiaketari dagokionez ere. Bide beretik, domina horiek lortzea "oso garrantzitsua" da haientzat, epaimahaia "oso zorrotza" dela-eta.

Joan den urtean sari nagusia irabazi zuten Tolosako Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azokan. Saridunek azaldu dutenez, mota honetako ekimenak "oso baliagarriak" dira gaztak ezagutarazteko, horrela publikoak dagoen "aukera zabala" ikusten duelako eta salmentak sustatzen omen direlako.

Goine gaztandegia aurten ere aurkeztuko da Esneki azokara, eta lehiaketa guztietara "itxaropen berdinarekin" joaten direla kontatu dute: "Lehiaketetara eramaten ditugu gure ustez onak, dotoreak eta duinak diren gaztak. Zorte kontua ere bada, gureak bezala, sariak merezi dituzten gazta gehiago ere badaude-eta. Ilusioz eta gogo handiz aurkeztuko gara; irabazten badugu poztu egingo gara, eta beste batzuk irabazten badute, guri lanean jarraitzea egokituko zaigu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!