Gurrutxaga, Martikorena, Irazu eta Mendizabal finalera

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 13a, 07:59
Berrobin ospatutako lehenengo kanporaketako argazkia / Harituz

Urriaren 20an, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean jokatuko da III. Pello Errota bertsolari sariketaren finala; Berrobi eta Ikaztegietako kanporaketetatik sailkatu diren lau bertsolarik kantatuko dute.

Harituz bertsozaleen elkarguneak, Asteasu, Berrobi eta Ikaztegietako udalekin elkarlanean antolatu du III. Pello Errota bertsolari sariketa.

Bertso afari formatuan jokatu dira bi kanporaketa saioak. Lehena Berrobin ospatu zen eta Eli Pagola, Sarai Robles, Iñaki Gurrutxaga, Haira Aizpurua, Unai Mendizabal eta Beñat Zeberiok parte hartu zuten.  Iñaki Gurrutxaga eta Unai Mendizabal sailkatu ziren finalera.

Bigarren saioa Ikaztegietan egin zuten irailaren 29an. Jexux Mari Irazu, Maialen Akizu, Maddi Ane Txoperena, Eñaut Martikorena, June Aiestaran eta Eki Mateorena aritu ziren kantuan. Irazuk eta Martikorenak lortu zuten finalerako txartela.

Seikotea finalean

Bertsolari sariketaren finala urriaren 20an jokatuko da Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean eta saio hau ere bertso afari formatuan egingo da, 20:30etik aurrera. Honenbestez, Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Unai Mendizabal eta Eñaut Martikorena ariko dira bertsotan. Gai jartzen, berriz, Imanol Artola Felix.

Bertso afarira joateko sarrerak aldez aurretik jarriko dituzte salgai 25 euroan Iturri-Ondo jatetxean bertan. Bestela, 679 62 89 14 telefono zenbakira bizum bat eginda lortu daiteke txartela.

2020an antolatu zuen Harituz bertsozale elkarguneak azkeneko Pello Errota sariketa eta orduko hartan Jon Martinek jantzi zuen txapela. Lehen edizioa, 2018koa, Eneko Lazkozek irabazi zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!