Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren aurkako mobilizazioa

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 9a, 13:49

Zuzendaritzak maiatzean aurkeztutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) epaiketa egin da gaur, Donostian, eta honen kontra mobilizatu da LAB sindikatua. 

Asteasuko Siemens Gamesako zuzendaritzak ekoizpen eta antolaketa arazoak argudiatu zituen ABEEEa aurkezteko. LABek esan du «negoziaketa epean egindako hiru bileretan, enpresak ABEEEa beharrezkoa zela argudiatzeko saiakera ezberdinak» egin zituela. «Langileen ordezkariok, hala ere, argi eduki dugu hasieratik ez dela inoiz ABEEE hau erabiltzeko beharrik egon, eta enpresak bere neurrira hartutako erabaki interesatuen ondorio bat besterik ez dela izan argudiatutako lan karga jaitsiera, beraien erabakien ondorioak langileek ordaintzea nahi izan dute hasieratik», gehitu du sindikatuak.

ABEEEaren negoziaketa epea akordiorik gabe amaitu zen, «onartezina delako enpresak hartutako erabakien ondorioak ordaindu beharra, eta inolako momentutan ez delako benetan arrazoitu zeintzuk ziren enpresaren ustez ABEEEa erabili behar izateko arrazoiak». Horregatik, salatu zuen LABek ABEEEa eta gaur egin da epaiketa, «argi daukagu hartutako neurria ez dela inoiz beharrezkoa izan. Eta epailearen aurrean hori arrazoituko dugu». «Ezin dugu ahaztu salmentan dagoen Asteasuko Siemens Gamesa lan zentroan langileek borrokaren bidez lortu zutela duela hilabete gutxi enpresaren salmentaren aurrean langileen eskubideak eta lanpostuak bermatzen dituen akordioa», gehitu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!