Kulturarteko espazioaren bigarren bilera egingo dute larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 27a, 11:23

Jardunaldian parte hartzeko 626 23 58 84 zenbakira mezu bat bidali beharko da ostiral iluntzea baino lehen.

Mundu bat Asteasun proiektuak urrats berri bat emango du larunbatean. Bigarren aldiz bilduko da proiektua gidatzen duen kulturarteko espazioa. Bertan jaiotako eta kanpotik etorritako asteasuarrak biltzen dituen gunea da kulturarteko espazioa eta maiatzean egin zuen lehenengo bilera. Proiektuaren bultzatzaileek, espero dute ordukoa bezain "jendetsua eta emankorra" izatea larunbateko bilera. 09:30etik 12:30era izango da saioa eta tartean hamaiketakoa egingo dute.

Maiatzean egindako bileran hiru talde osatu ziren eta bigarren honetan ere dinamika berari eutsiko diote. Harrera taldean etorkin berriei harrera nola egin landuko dute; euskara taldean hizkuntza aniztasuna kudeatzeaz ariko dira, euskara ikasteko aukera berriak sortzearekin batera; eta kulturartekotasun taldean, berriz, kulturartekotasuna sustatzeko ekimenak antolatuko dira.

Hain zuzen, bigarren saio honetan ardatz nagusi bat izango dute parte hartzaileek, urriaren 22an ospatuko den urteroko Kulturarteko festa antolatzea. Egun horretarako prestatu duten egitaraua aurkeztu, osatu eta festarako prestaketak jarriko dituzte martxan. Aldi berean, euskara klaseen egoeraren berri emango  dute. Izan ere, dagoeneko 15 lagunek eman dute izena Asteasun antolatutako AISA atzerritarrentzako ikastaroan. Ikastera animatu diren horiei ikasitakoa erabiltzen laguntzea izango da langaietako bat. Azkenik, etorri berriei udalean eskainiko zaien gidaren zirriborroa aztertuko dute. Gida honek kanpotik datozenei herrira iristeko bidea erraztea du helburu, eskuorri itxura izango du, eta erroldatzera datorren herritar guztiei banatuko zaie.

Larunbateko jardunaldian parte hartzeko izen ematea herritar guztiei irekita dago. Dagoeneko 20 lagunek eman dute izena, baina ostiral iluntzera arte aukera izango da izena emateko. Horretarako 626 23 58 84 zenbakira whatsappa idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!