Inoiz baino indartsuago

Leyre Carrasco 2023ko ira. 24a, 17:00

Artisau eta nekazal postuek hartu dituzte Asteasuko zenbait txoko, eta hainbat ekintza egin eta ikusteko aukera ere izan da goiz guztian zehar. Trikitilariek girotu dute goiza.

Festa giroan murgildu dira asteasuarrak. Izan ere, urteroko moduan, azoka egin dute goizean. Aurten, lehen aldiz, Asteasun osatu den Baserritarren Mahaiak hartu du azokaren antolakuntza, eta gerturatu direnek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan dute.

10:00etan zabaldu da azoka eta 52 postu izan dira guztira, plazan zein pilotalekuan. Urteroko moduan, ganadu erakusketa ere izan da plazako ondoko zelaian. Bertan, Astrotrek ekimenaren bitartez, haurrentzako asto ibilaldiak izan dira, eta perratze lanak eta sega pikatzeko lanak eraskutsi dituzte ere. Tripa betetzeko taloak edota txekor erre pintxoak ere izan dira aukeran.

Ohiturazkoak diren beste hainbat ekitaldi ere berreskuratu dituzte, eta 12:00etan, adibidez, arroz esne lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin dute frontoian. Elena Iraolaren arroz esnea izan da irabazlea, bigarren Oñatz Aranburu geratu da, eta hirugarren, berriz, Uxuri Landaberea.

Horrez gain, herriko kalabazen erakusketa ere egin da goizean, eta parte hartzaileen artean kalabaza irabazlea ere izan da. Lizarrako Beatriz eta Ibonen 76 kiloko kalabazak eraman du saria.

Arratsaldean ere festa giroa

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, jai giroko beste ekitaldi batzuk izango dira Asteasun. 17:00etatik 19:00etara herri kirol erakustaldia egingo da. Kasu honetan Zurgai taldearen eskutik joango da saioa eta hauek egurrez egindako materialekin egiten dituzte herri kirolak.

Eguna amaitzeko, 18:30 aldera, Jone eta Juleneren eskutik erromeria izango da. Hernioko iraileko azkeneko igandearekin bat egiten du urtero azokak eta erromeri jendetsua izaten da, baita ere, arratsaldez Asteasuko plazan egiten dutena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!