Larraitz Alkorta UEMAren zuzendaritza batzordeko kide

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 23a, 16:24

Argazkia: UEMA

Gaur egin du UEMAk agintaldiko lehen batzar nagusia, eta Ataungo alkate Martin Aramendi aukeratu dute mankomunitatearen buru izateko; UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak ere hautatu dituzte, eta tartean da Larraitz Alkorta Asteasuko zinegotzia.

Agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur UEMAk Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Ataunen, eta Martin Aramendi Ataungo alkatea (EH Bildu) hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari izateko datozen lau urteetarako. Orain arteko lehendakari izan den Iraitz Lazkanoren lekukoa hartuko du, beraz. Lehendakariordea, berriz, Irune Urbieta izango da, Zarauzko zinegotzia (EAJ). Aramendirekin eta Urbietarekin batera, UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko dute beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean bildu diren alkateek eta zinegotziek, eta tartean da Larraitz Alkorta, Asteasuko zinegotzia.

Gaur egun 101 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteetan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dutela izaten agintaldi berriko ardatzak azaldu dute.

Kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu duela adierazi du Aramendik, «UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako. Azken agintaldian UEMAren lana aitortzeko eta UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira».

UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan ditu Aramendik: «Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko». Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, «ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko».

Batzar Nagusiak hautatuta, beraz, Martin Aramendi izango da gaurtik aurrera UEMAren lehendakari berria, Iraitz Lazkanok utzitako lekukoa hartuta. Aramendirekin batera, hurrengo lau urteotan UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten beste ordezkariak ere hautatu dituzte batzarkideek, azken hauteskundeetako emaitzen arabera alderdiei dagokien ordezkaritza eta lurraldetasuna kontuan hartuta. Alderdiek adostasunez aurkeztu dute zerrenda, eta aho batez onartu du Batzar Nagusiak.

Hauek dira hurrengo lau urteotan UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten alkateak eta zinegotziak:

  • Lehendakaria: Martin Aramendi Arana (Ataungo alkatea. EH Bildu).
  • Lehendakariordea: Irune Urbieta Alberdi (Zarauzko zinegotzia. EAJ).
  • Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu).
  • Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu).
  • Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ).
  • Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu).
  • Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu).
  • Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu).
  • Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ).
  • Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).
  • Larraitz Alkorta Aizpurua (Asteasuko zinegotzia. Independentea).

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!