Indartuta dator urteroko azoka

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 19a, 19:00

Aurten, lehen aldiz, Asteasun osatu den Baserritarren Mahaiak hartu du azokaren antolakuntza. Goiz eta arratsaldez izango dira ekitaldiak.

Igandean, irailaren 24an, egingo dute Asteasun urteroko azoka. Aurten herrian eratu berri den Baserritarren Mahaiak hartu du azokaren antolakuntza. Asteasuko Udalak, modu honetara, azoka indartu eta biziberritu nahi du, eta bestetik, herritarrei baserriko lanak eta nekazaritza eremuan ematen den errealitatea ikusarazi eta ezagutzera eman nahi die.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azoka "indartu", eta igandean herriko postu gehiago egongo dira jarrita. Barazki eta fruta postuak egongo dira eta ganadu erakusketa egingo dute. 52 postu izango dira guztira eta 10:00etan zabalduko da azoka. Aurreratu dutenez, salmentari bideratutako postuak goizera mugatuko dituzte, 14:00 arte. Goizean zehar, gainera, herriko kalabazen erakusketa egingo da eta perratze lanak eta sega pikatzeko lanak erakutsiko dituzte. Gainera, txekor erre pintxoak banatuko dira eta haurrentzako asto ibilaldiak eskainiko dituzte, Astrotek ekimenaren bitartez.

Ohiturazkoak diren beste hainbat ekitaldi ere berreskuratu dituzte, eta 12:00etan, adibidez, arroz esne lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute plazan.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, jai giroko beste ekitaldi batzuk izango dira Asteasun. 17:00etatik 19:00etara herri kirol erakustaldia egingo da. Kasu honetan Zurgai taldearen eskutik joango da saioa eta hauek egurrez egindako materialekin egiten dituzte herri kirolak.

Eguna amaitzeko, 18:30 aldera, Jone eta Juleneren eskutik erromeria izango da. Hernioko iraileko azkeneko igandearekin bat egiten du urtero azokak eta erromeri jendetsua izaten da, baita ere, arratsaldez Asteasuko plazan egiten dutena.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!