ELKARRIZKETA

«Bi aukera nituen: trikitia ikaragarri gustatzea edo gorroto izatea»

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 23a, 07:59

Maitane Ayerza Mujika. I.S.A.

Trikitia jotzen ikasi, txapelketetan parte hartu eta Laket erromeria taldea sortzera iritsi zen Maitane Ayerza Mujika asteasuarra, hogei urte inguru zituela. Ordutik taldekide gehienak aldatu bazaizkio ere, plazaz plaza jarraitzen du.

Festa giroan, jendea saltoka eta dantzan jartzearen errudun nagusia da Maitane Ayerza Mujika (Asteasu, 1986). Laket erromeria taldearen sortzailea da eta trikitia jotzen du, kantatzearekin batera. Udako kontzertu zaparrada pasata, plaza berri gehiagotan jotzeko gogoz dago, betikoetan disfrutatzen jarraituz.

Noiz izan zenuen lehen aldiz trikiti bat eskuetan?

Bederatzi urte nituenean. Gogoan dut zazpi urterekin Martin Aginalde irakaslearengana joan nintzela Villabonara. Esan zidan oraindik txikiegia nintzela trikitia eskuetan hartzeko eta bi urtera joateko. Bederatzi urte bete eta segituan joan nintzen. Trikitia orduan jarri nuen, lehendabizikoz magal gainean.

Zaletasunagatik aukeratu zenuen trikitia?

Txiki-txikitatik hortik edan dut. Gure kotxean trikitia besterik ez zen entzuten, tartean, akaso, Egan ere bai, baina trikiti munduko kasete guztiak genituen. Horrez gain, igandero Aristerrazura joaten ginen. Bi aukera nituen: trikitia ikaragarri gustatzea edo gorroto izatea. Gustatu egin zitzaidan.

 

«Gure kotxean trikitia besterik ez zen entzuten eta igandero Aristerrazura joaten ginen»



Martin Aginagalde irakaslearekin eman zenituen lehen urratsak, beraz.

Berarekin ikasi nuen, eskolak emateari utzi zion arte. Kristina Solanoren eskuetara pasa nintzen ondoren eta urte batzuk egin nituen berarekin. Txapelketa mundua uztea erabaki nuenean, klaseak jasotzeari ere utzi inon. Gustura joaten nintzen, ordea, bazelako modu bat zeure buruari betebeharra jartzeko.

Nola eman zenuen txapelketetan parte hartzen hasteko pausoa?

Inertziaz joan zen, gehiegi hausnartu gabe. Trikitixa ikasten hasi eta urte eta erdi ingurura Martinek esan zidan txapelketa bat egingo zela Zizurkilen, Abeletxen. Aiora Urdangarin Aristerrazutik ezagutzen nuen, igandero topo egiten genuelako, eta Martinek bidea egin zigun elkarrekin jotzen hasteko. Animatu egin ginen. Oso gogoan dut egun hura, badakit zer abesti jo nituen ere. Oroitzapen politak ditut, pasatu nituen urduritasunak barne.



Txapelketaz txapelketa ibiltzeko bidea ireki zitzaizuen.

Bai, eta beti ibili izan naiz Aiorarekin. Nire ibilbide guztian bera ondoan izan dut, duela hiru urte Laket taldea uztea erabaki zuen arte.

Pandero jotzaile eta bidelaguna izan duzu, beraz.

Hamar urte ingururekin elkartu eta bide hau guztia elkarbanatu dugu. Pentsatze hutsarekin hunkitu egiten naiz. Txapelketaz txapelketa, horrek eskatzen zituen entsegu ordu guztiak; ondoren Laketen sorrera... Urte asko eta ederrak izan dira bere ondoan.

Zer moduz bizitzen zenituen txapelketak?

Esperientzia polita izan zen, baina, aldi berean, sakrifikatua ere bazen. Behin parte hartu behar eta lan txukun bat egitea gustatzen zaizu, eta horrek entsegu mordoa egitea eskatzen du. Orain, perspektibatik begiratuta, esan dezaket berriro ibilbide hori egingo nukeela.

Gazteak animatuko zenituzke txapelketetan parte hartzera?

Dudarik gabe. Parte hartu eta lan txukuna egitera animatuko nituzke, baina ez mugatzea soilik txapelketetan parte hartzera. Lau pieza hartu eta horiek jo eta jo ari bazara, nazkatzeko arriskua dago.



Zenbat txapel dituzu etxean jasota?

Ez nuke jakingo esaten. Batzuk badirela badakit. Kuttunena, akaso, Euskal Herriko Txapelketa irabazi genuenekoa da. Urte asko ospatu gabe egon eta gero, berriro hasi ziren antolatzen eta lehen txapelketa irabazi genuen. Berezia izan zen guretzat. Desberdin puntuatzen zen; gainerako txapelketetan pieza guztiak jo eta epaimahaiak puntuazio bat ematen zuen ondoren, eta Euskal Herrikoan, pieza bakoitza bukatu bezain pronto arbel batean idazten zen puntuazioa, oholtzatik ikusteko moduan, beraz, jo ahala bazenekien nola zindoazen, bere alde on eta txar guztiekin. Tentsioa bizitzen genuen, baina gardena zen.

Txapelketen ostean, Laket sortu zenuten. Nola eman zenuten salto hori?

Txapelketen garai berean, Aiorak eta biok erromeriak egiten genituen. Plaza batzuk egiten hasi ginen eta txapelketak albo batera utzi eta beste ibilbide bati hasiera ematea pentsatu genuen. 20 urte inguru genituela Laket sortzeko lehen pausoak eman genituen. Kristina Solanoren bidez, Zigor Sagarna baxu jotzailearekin elkartu ginen eta hirurok hasi ginen. Geroago batu zen bateria, ondoren hasi zen gitarra, eta urte batzuetara tronpeta eta tronboia sartu genituen. Gaur egun, zazpi laguneko taldea gara.

Hasierako kontzertu haiek nolakoak ziren?

Oroitzapen oso onak ditut. Gidabaimena atera berri, nahiko inozente ibili ginen, deitzen ziguten edozein lekutara joanez. Aurrez Aiora eta biok izandako leku berberak izan ziren gehienak, polita izan zen.

Asko aldatu da kontzertuak emateko modua?

Aldaketa bat egon dela esan nezake, trikiti munduak berak ere izan dituelako gorabeherak. Orokorrean, ordea, jendeak beti egiten du dantza, baina ikusi duguna da pandemia ostean jendeak gogo gehiago duela festarako. Ikusi dugu berriro indarra hartu duela erromeriak, erromeria talde berriak ere badatozelako, eta jendeak erantzun egiten du.

Modatik pasatzen da inoiz erromeria talde bat?

Ezetz esango nuke. Modako kantak jotzen hasten garenean ikusten dugu hori. Kanta berriak atera eta bertsioak jotzen ditugu, zerbait berria eskaini asmoz, eta oso ondo, baina publikoak Kolore kolore jotzeko eskatzen digu. Hor konturatzen gara jendeari betiko errepertorioa izugarri gustatzen zaiola.

Zenbat kontzertu eman ote dituzuen ideiarik baduzu?

Ideiarik ere ez. Izan genuen bolada bat, udan 50 kontzertutik gora eman genituena. Handik gutxira haurdun geratu nintzen eta taldea elkartu ginen: esan nien haur txiki batekin erritmo horretan ezin nuela jarraitu. Erritmo hori jarraitzeko asmoa bazegoen, geltoki horretan jaitsiko nintzela. Taldeko inor ez da musikari izatetik bizi, denok geunden lanean, eta nire egoerak gaia atera bazuen ere, guztiek ikusi zuten horrela jarraitzea zaila izango zela. Frenoa jarri genuen eta horrela jarraitu genuen.

Jarraitzeko gogoz zeunden?

Argi nuen ama izanagatik jarraitu egin nahi nuela. Amatasuna eta oholtza uztartzea posible dela uste dut, eta aldarrikatu ere egin nahi izan dut hori. Posible da. Beti esaten da zer emakume gutxi ikusten diren oholtzan, bada pentsatu beharko genuke zergatik den. Nire kasuan, eutsi egin nahi izan diot, aukera izan dut eta gurasoek asko lagundu didate horretan.

 

«Amatasuna eta oholtza uztartzea posible dela uste dut, eta aldarrikatu ere egin nahi izan dut hori»



Duela hiru urte Urdangarin pandero jotzaileak taldea utzi zuen. Zer moduzkoa izan zen berriro oholtzara igotzea bera gabe?

Gogorra. Orain Naiara Aiertza daukat aldamenean eta oso ondo moldatzen gara, baina ondora begiratzean Aiora botatzen nuen faltan. Hogei urte luze pasa ditut bere ondoan, begirada batekin banekien berak zer pentsatzen zuen eta berak ere bazekien nik zer pentsatzen nuen, noiz geunden ondo eta noiz gaizki. Ez dut ukatuko, hasieran oso gogorra egin zitzaidan eta barne gatazka izan nuen, jarraitzearen eta ez jarraitzearen artean. Pandemia ondo eta guzti etorri zait, trikiti taldeari begira. Pausa horrekin indarra hartu dut, puzzlea osatzea lortu dut eta ikusi dut gogoa daukadala jarraitzeko.

Zazpi zarete denera, asko.

Kosta egiten da entseguak egitea. Taldean ere mugimendu asko izan da azken urteetan, pandero jotzailea, bateria, gitarra, tronpeta... dena aldatu zitzaigun pandemia aurretik. Puzzlea osatzearena horregatik diot, sorrerako talde erdia ez dagoela ikusi nuelako bat-batean. Etorri diren gazteak, ordea, gogotsu etorri dira, eta horrela osatu dugu talde sendo bat. Gure entseguetako egunak asteburuak izan ohi dira, batzuk kanpoan ikasten dutelako, eta beste batzuk lanean gaudelako.



Etxean trikitia bakarka jotzeko tarterik hartzen al duzu?

Momentu honetan etxean ez dut gehiegi jotzen. Laketen jo behar ditugun abesti berriak ikastera soilik mugatzen naiz. Egia da alaba trikitia jotzen hasi dela, eta aitzakia horrekin, berari laguntzeko zertxobait jotzen dudala.

Zer moduzko uda pasatu duzue?

Uda ona izan da, orokorrean plaza guztiekin pozik, erantzun ona jaso dugu. Beti izan dira plaza kuttunak, eta horrek gogoa ematen dizu jarraitzeko.

Badituzue plaza finko batzuk, urtero bertan izaten zaretenak.

Herri finko horietan motibazioa ere ona izaten da. Berriro deitu badigute, gustatu zaielako izango da, eta berriro erantzun on bat ematen saiatu behar izaten dugu, konfiantza horri erantzun behar zaiolako. Berriak diren plazetan ere ilusioarekin joaten gara, plaza berri hori lortzeko, beraz, bi zentzuetan da polita.

Leku batera lehen aldiz zoaztenean urduritasun gehiago nabari duzue?

Ezjakintasun horrekin joaten gara, ez dakigulako publikoak erantzungo digun. Lehen kantak jotzean jendeak dantza egiten duela ikusten badugu, urduritasunak joan egiten dira, baina izaten da bestelakorik. Kanta jakin batzuk jotzen hasten gara, ikusteko zer kanta motarekin motibatzen diren. Fandango eta arin-arina jo eta jendeak dantza egiten badu, badakizu gehiago ere jo beharko dituzula, baina lehenarekin inork dantzarik egiten ez badu, ez ditugu hainbeste joko. Erabakiak momentuan hartzen joaten gara, publikoaren arabera.

 

«Lehen kantak jotzean jendeak dantzatzen badu, urduritasunak joan egiten dira»



Erromeriek normalean luze irauten dute. Fisikoki ere forman egon beharko duzue.

Ia hiru orduko saioak egiten ditugu eta bai, fisikoki ere eskatzen du. Urteak aurrera doaz, eta geroz eta gehiago nabaritzen dut nekea [barreak]. Gainera, emozionatu egiten gara eta ez gara estatuak bezala firme egoten, posturak ez ditugu gehiegi zaintzen eta gero ajeak gehiago izaten ditugu. Baina ahal dudan bitartean horrela jo nahiko nuke, eta gorputzak esaten badit ezin dela, pentsatuko dut beste zerbait.

Oraingoz, plaza berrietan jotzen eta betiko plazak mantentzen jarraitu nahi duzu?

Horixe da Laketen asmoa. Eta iaz bezala hemendik kanpo joateko aukera izango bagenu, ez dizkiogu inori ateak itxiko.

Zuen ibilbidean kontzertuak eskaini dituzue kanpoan?

Laket sortu berritan Argentinan izan ginen, euskal etxeetan jotzen. Kataluniara ere joan izan gara, iaz azkeneko aldiz. Tartean, tokatu izan zaizkigu horrelako aukerak, eta beti da aberatsa.

 

MOTZEAN

Zer abesti, plaza saltoka jartzeko?

Dantza egiteko, polka bezalakorik ez dago. Bestela, Zea Maysekin beti asmatzen da.

Plaza kuttunik baduzu?

Urtero joaten garenak dira. Urrestilla, Berastegi, Azpeitiko Sanjuandegi eta Tolosako inauteriak oso kuttunak dira.

Gehiegi gustatu ez, baina beti jo behar izaten duzun abestirik baduzu?

Errepertorioko abesti guztiak gustatzen zaizkit. Agian, askotan eskatzen delako Festarik festa esan dezaket, baina ez da gustatzen ez zaidalako.

Kontzertu bat, urteko ze sasoitan?

Udan.

Kontzertua arratsaldez edo gauez?

Gauez beste xarma bat du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!