Muskerraren Eguna egingo dute irailaren 17an

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 6a, 11:58

Satiraren inguruan hitzaldia eta bertso saioa antolatu dituzte arratsaldean; goizean, bisita gidatua, jolasak, hamaiketakoa eta apustua izango dira.

Muskerraren Egunaren bosgarren edizioa egingo dute Asteasun irailaren 17an, pandemia tarteko, 2020tik emanaldirik antolatu gabe egon ondoren. Satira izango da aurtengo edizioaren gaia. Bisita gidatuarekin hasi eta iturri-bueltako apustuarekin amaituko dira goizekoak, eta arratsaldean, berriz, Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak eta Joxe Mari Iturraldek emango duten hitzaldiarekin eta bertso saioarekin jarraituko du egitarauak.

Satiraren inguruan ariko dira, hain zuzen, arratsaldeko ekitaldietan. Muskerraren Egunaren antolatzaileek adierazi dutenez, "satirak funtzio garrantzitsua betetzen du edozein komunitatetan, botere harremanen erregulazio mekanismo gisa". Gaur egungo jendartean satirak betetzen duen lekua, bete beharko lukeena aztertuko dute parte hartzaileek eta iraganeko tradizioan arakatuko dute. Egungo eta etorkizuneko egoerarako gogoetak eragitea izango da emanaldiaren helburua. Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak eta Joxe Mari Iturraldek emango dute hitzaldia, irailaren 17an, 17:30ean.

Behin hitzaldia bukatuta, satira bertso zaharren antologia eskainiko dute Angel Mari Peñagarikanok eta Andoni Egañak. "Giza bizioak kritikatu edo barregarri uzten dituena da satira, eta forma ezberdinak har ditzake: asmakizuna, elkarrizketa, prosa, epigrama, kazetaritza artikulua edota bertsoa", aipatu dute antolatzaileek. Euskal ahozko tradizioan garrantzia handia izan du eta tradizio horri errepasoa emango diote Peñagarikanok eta Egañak, 19:00etatik aurrera.

Pandemia ondorengo lehena

2017an egin zuten Muskerraren Eguna lehen aldiz. Ordutik egin zituzten lau edizioak "oso arrakastatsuak" izan zirela aipatu dute Asteasuko Udaletik. Aurten egitasmoa berreskuratu dute, Bernardo Atxagaren obrak Euskal Herrian duen proiekzio "zalantza ezina" oinarri hartuta. Antolatzaileen esanetan, Atxagak euskarari, kulturgintzari eta tradizioari egiten dion ekarpena "funtsezkoa" da, komunitate gisa dugun etorkizunera begira. Asteasuko herrian Muskerraren Ibilbideak eta Muskerraren Eguna antolatzeak, herriaren nortasun elementuen sustraitzeari ekarpen handia egiten diola uste dute udal ordezkariek.

Irailaren 17rako antolatutako programazioan, orain arteko emanaldietan herritarren atxikimendua eragin duten jarduerak tartekatuko dituzte, Iturri-ondoko apustua, esaterako.

Muskerraren Eguna 2023

  • 10:00. Muskerraren Bideko bisita gidatua: 
    Ibilbide labur hau Bernardo Atxagak gidatuko du.
  • 10:00. Haurrentzat jolasak, familientzat egokitutako “Muskerraren bidea jolasa” abiapuntu hartuta.
  • 11:30. Muskerraren Bidearen amaiera, Tranpazulo plazan.
  • 12:00. Salda eta hamaiketakoa herriko tabernetan.
  • 13:00. Iturri-bueltako apustua.
  • 17:30. Hitzaldia: satiraren funtzio sozialaren inguruko gogoetak partekatuko dituzte Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak eta Joxe Mari Iturraldek.
  • 19:00. Bertso saioa: Satira bertso zaharren antologia Angel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!