- Helduen maila-bigarren saria
- Amaia Agirre Arrastoa (Asteasu, 1977)
- Doinua: Munduko ilunabarra
1.
Ahots baten garrantzia
nola eduki ahantzia
hitza hitzari erantsia
ta esanahiez jantzia
lagun artean nahiz jendaurrean
badu bere esentzia
baina ahotsak balu entzungai
diren hotsen ausentzia
hor eteten da komunikatze
saiakeren ponentzia
entzun ezina bada eztarri
lokailuen frekuentzia...
Izan dezagun norberak duen
ahotsaren kontzientzia.
2.
Agintea, boterea
erlijioa, fedea
iturburua, xedea
zuk zurea, nik nerea.
Aginteak du beti ahotsa
hori da bizilegea
herria mutu eta hitzaren
jabe beti erregea
ahots ta hitzak bereizten ditu
gizaki ta aberea
eman ahotsa bereizi gabe
gizona ta anderea
ausart, lotsati, indartsu, ahul...
Baina bakoitzak berea.
3.
Bi begien begirada
lau besoen besarkada
lagunmin baten eupada
bi siamesen taupada
dena ez da hitz bidezko lorpen
edo ahotsen islada
ahotsak nahiz ta eman garena
erakusteko parada
edo sentitzen duguna zer den
adierazteko patxada
ahotsa ez da beti ahozko
ta hau da gai, beharbada
zeinu bat edo keinu bat ere
komunikazioa da.
4.
Testu eta argudio
eleberri bat medio
istripu nahiz suizidio
drama edo amodio
orri zuriak tintaz belztea
obra baten preludio
idazlearen lan bakartian
aholku ta gomendio
hitza hitzari errenditzea
du bere erremedio
lekua nori eta noiz eman
nahiz ta hautatu propio
protagonista bakoitzak bere
ahotsa eskatzen dio.
5.
Nola borobildu ertzak?
Nola gauzatu ametsak?
Nola gainditu ezetzak
entzun ezean baietzak?
Baldin entzumen kanal bakoitza
estaltzen badu lupetzak
bizitzan iskin eta entzungor
jokatzen badu_hezkidetzak
mihia antzu ta belarriak
galdurik dohai jabetzak
alferrik dira hiztunen ahots
ta hitz bidezko defentsak
ahotsa ezpain mugimendu soil
baita gor-mutu batentzat.
6.
Ziega estu ta barrote
zaintzaile lau gizonkote
euren porra ta bigote
eta presoa arlote
ahotsa jaso ezkero bizkar
hezurrean zenbat kolpe
“esaten duzun guztia aurka
jarriko zaizu” diote
beldurrak mutu uzten zaitu ta
odol beroa gero ke
erotzeraino haize errota
aurrean nola Kixote...
Lau hormek soilik entzuten duten
ahotsa ahotsa ote?
7.
Mendez mende, aroz aro
emakumearen aho
asko zigortuta dago
nahi ta ezinen arrago
ta mututzera kondenatu nor
gizonago, nor arrago
ahotsa bera boterea da
hitza hartzeaz harago
berdintasunik ez da, ez bada
feminismotik igaro
sukaldean nahiz plazan aldarri
egiteko gertu nago
ito ez dadin emakumeen
beste ahots bat gehiago.
8.
Hitzak mihia du magala
eztarri kordak uhala
ta ahotsa (dakidala)
kanporatze naturala
da, baina jaio berri batentzat
ez da hain gauza hutsala
adierazpide bakarra baitu
behar izanen itzala
hitzik gabeko soinu bakar du
eskaera ofiziala
ohar gaitezen zenbat den handi
negarrak duen ahala
hitzen premirik ez duen lehen
hizkuntza unibertsala.
9.
Gertakari baten printza
kontatzearen ekintza
objektibo ta anitza
izatearen baldintza
baldin bada guk gizarteratu
nahi dugun kazetaritza
ikuspegi ta arrazoibidez
sarri eskumotz gabiltza
ideologia oro ezin da
luma bakarrez zerbitza
zentsurak bere boterea ta
aginteak bere ditxa
ahotsa nori ematen zaion
hark baitauka azken hitza.
10.
Libratzen ez den ahotsa
fonetikaz aho hotza
da, eta soinuan motza
bada, hitza maiz arrotza
gertatzen zaio, ta sentitzen du
ezintasunen morrontza
jende aurreko jarduna ezin
bururatzearen lotsa
eta entzule artean noiznahi
marmarra ta harrabotsa
bertsolaria saien jaki da
nola eri den bildotsa
mihia mutu ta garraisika
ari baitzaio bihotza.
11.
Abeslari baten sena
txikitatik dakarrena
ahots baxu nahiz ozena
tonu ahul nahiz gizena
operan tinbre galduak dakar
armoniaren etena
bakarlariak afonia du
bidelagun eskasena
panderojole batek amets du
irrintzirik luzeena
historiara igaro arren
ospea eta izena
ahotsa dugu oroimenean
betiko geratzen dena.
12.
Eztarrian bi xomorro
ahots ozen bat mozorro
azken puntuz karramarro
neurri luzez olagarro
oholtza gain edo oholtza azpian
sentitu gaitezen harro
berdin du izan eztarriz gozo,
zozo edo birigarro
isiltzen edo goratzen diren
ahots denen zirriborro
izan nahi zuen aldarrikapen
xume honek lerroz lerro
historiara pasa daitezen
beste hainbeste KATTARRO.