- Helduen maila-lehen saria
- Haritz Mujika Lasa (Asteasu, 1995)
- Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
1.
Ahots-lasterra da euforia,
mutua, berriz, glotofobia.
Korda laburrak doinu fina du
eta luzeak lodia. (Bis)
Korapiloak sumatzeko gai
ote da fonologia?
Erritmoa, melodia...
Bertsoz kontatu nahi nuke nire
ahotsaren istoria. (Bis)
2.
Amaren ahots zein sabel barren
entzungo omen nituen aurren.
Bera nirea antzematean
ipiniko zen pozarren. (Bis)
Negar artean iritsi nintzen,
bilakatuaz elkarren.
Eta hitz egin ez arren,
bizirauteko beharko nuen
ahots fin-fina nekarren. (Bis)
3.
Urte ta erdi bete berritzat
zeukan garaian nire bizitzak
aita ta amari entzungo nien
“Hitzok errepika hitzak!”. (Bis)
Hala ahoak fonema haiek
ustean egingarritzat;
putz egin zuen glotisak,
ahots fin haren gainean jarriz
lehendabiziko hitzak. (Bis)
4.
Behin kunpliturik, seiak, zazpiak...
Jakintzaz bete ahala saskiak,
fonemen kantu plazerezkoan
agertu ahala hizkiak. (Bis)
Jabetu nintzen bazirela han
zuzenketak, idazkiak...
“Altxa eskua!”k, “Gaizki!”ak...
Ta ez zituela ahots tinbreak
zabaltzen ate guztiak. (Bis)
5.
Hamar hamaika urteren kosken
bueltan, urdintzen eta arrosten
hasitakoan, lagunak ziren
arrakastaren lau bosten. (Bis)
Nik ez nekien hitzak joan ahala
enahaitzen eta josten
eta ahotsa ahosten,
komeni zela hastea esan
beharrekoa adosten. (Bis)
6.
Hamalaurekin buru askea
izatea da buruhaustea
−ni nintzen ahots korda lodiko
liderraren kontrastea−. (Bis)
Gauza bera zen ni mintzatu ta
ezbai sutsu bat hastea,
lortu arte ikastea:
zenbait a(r)hotan sortzen duela
dardara batek bestea. (Bis)
7.
Hamaseirekin libertatea
da institutuak duen atea;
“Zein ederra den”, “Gustuko ote nau?”,
“Ez dut nahi antzematea”... (Bis)
Bi oinek dar-dar, mingainak dar-dar,
izerdiz blai besapea;
lehortzeraino trakea.
Posible al da hitzak kontrako
eztarritik joatea? (Bis)
8.
Hogei urtetik, -lau ta -bostera,
bai testua ta bai ahoskera
leundu eta komunikatzen
ikasi nuen, ostera. (Bis)
Ez lehengo tonu erasotzaile,
ez indar ta ez joskera.
Diskurtsoak ahotz behera.
Hainbeste aldatu den hori izan
al daiteke ahots bera? (Bis)
9.
Bizigarri da ahozko prosa
ta bizibide haren drindotsa.
Hura entzutean gertatzen dena
da ordea, paradoxa; (Bis)
ondokoenak eragiten du
hunkidura eta poza
baina norbereak lotsa...
Lasaigarri zait zuk ez duzula
entzungo nire ahotsa. (Bis)