Julen Gabirondok moztu du kilo gehien

Leyre Carrasco 2023ko uztailaren 9a

Gipuzkoako Sega Txapelketa izan da goizean jokoan Asteasuko Bulano baserriko zelaietan, eta urnietarra izan da garaile 5.108 kilo belar moztuta.

Gabirondo urnietarrak sasoiko dagoela erakutsi du goizean Asteasuko Bulano baserriko lurretan izandako lehian. Ohiko eran izan da txapelketa, hau da, ordubetean zeinek belar kilo gehiago moztu. Gabirondok 5.108 kilo moztu ditu.

"Jokin hasieratik indartsu hasiko zela banekien, beraz, berari eusten saiatu naiz lehen hiru sail moztu arte. Berak behera egin duela uste dut, eta nik erritmoari eutsi diot abantaila gehiago atera arte", azaldu du Gabirondok. Azken saila erdizka utzi badu ere, eroso eta gustura aritu dela adierazi du.

Atzetik izan du gaurko lehian faborito zen Jokin Etxeberria amasarra, 4.643 kilo moztuta. Oier Urkola anoetarrak 3.749 kilo moztu ditu eta Mikel Lizartza tolosarrak, berriz, 3.419 kilo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!