Balizen bila, Santamaña inguruetan galdu gabe

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko uzt. 8a, 19:13

Asteasuko Santamaña auzoan IV. Orientazio Proba Herrikoia egin dute arratsaldean. Dozenaka lagun elkartu dira, bakarka nahiz taldean egitera ausartu direnak, eta hiru proba izan dituzte aukeran: luzea, ertaina eta motza.

Gaur arratsaldean, IV. Orientazio Proba Herrikoia egin dute Asteasuko Santamaña auzoko festen aurrekari modura; bihar, XXI. Santamaña Kros Igoeraren txanda izango da. Hasiera batean, krosa bakarrik egiten zen, baina duela lau urte orientazio proba hasi ziren antolatzen, eta orain bateratu egiten dituzte asteburu berean. Biharko kroserako eskuragarri zeuden 100 dortsalak dagoeneko salduta daude.

Gaurko orientazio proban, Santamaña ermitatik abiatu dira partaideak. Ahalegin ezberdina eskatzen duten hiru proba prestatu dituzte, heldu, ume eta gazte guztientzako aproposak, familia edo lagun artean egiteko: luzea, ertaina eta motza. Proba luzeak hiru orduko iraupena zuen eta 17:00etan hasi da. 17 talde bertaratu dira, gehienak bi edo hiru kidez osatutakoak, eta bakarren bat bakarka egitera ere ausartu da. Guztira, 40 bat lagunek eman dute izena proba luzean.

Proba ertainak bi orduko iraupena zuen eta 18:00etan abiatu da. Txomin Isuntza antolatzaileak adierazi duenez, normalean proba ertaina izaten da partaide gehien izaten duena. Aurten, ordea, 18:00ak heldu arte ezin zuten jakin zenbat partaide izango ziren. «Ez dago aurrez izena emateko ezarritako ordurik, eta egunean bertan, proba baino lehen ematen da izena». Azkenik, proba motza ordubetekoa zen, eta 18:30ean hasi da. Urtetik urtera probaren arrakasta mantentzen dela nabarmendu du, eta aurten ere jende ugari espero zuten. Guztiek helburu bera zuten: mapetan azaldutako balizak bilatzea eta mapan markatzea.

Aurten bildutako diru guztia Begisare elkarteari emango zaio. Santamañako festa batzordeko kideek azaldu dute erretinako distrofia hereditarioa pairatzen dutenen bizi kalitatea hobetzeko sortutako elkartea dela Begisare eta aurten ekarpen «handia» egin nahi diote elkarteari.

Asteasuko Santamaña auzoan uztailaren 14tik aurrera ospatuko dituzte festak, eta egun nagusia hilaren 18an izango dute, baina aurretik, asteburu honetan, kirol probak egiten ari dira. Festetarako guztia antolatuta dutela eta auzotarrak prest daudela adierazi du Isuntzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!