Orientazio proba eta kros igoera asteburuan Santamañan

Ataria 2023ko uzt. 5a, 07:59

Asteasuko Santamañan festa egun nagusia hilaren 18an izango dute, baina aurretik, larunbatean bertan hasita, kirol probak egingo dituzte

Asteasuko Santamañan festa giroa nabaritzen hasiko da asteburu honetan. Larunbatean IV. Orientazio proba herrikoia egingo dute, eta igandean, berriz, XXI. Santamaña Kros igoera. Ondoren, uztailaren 14tik aurrera jarraituko dute festa giroan Asteasuko auzo horretan.

Santamaña ermitatik abiatuta, larunbatean 17:00etatik aurrera egingo dute orientazio proba herrikoia. Ahalegin ezberdina eskatzen duten probak prestatuko dituzte, eta beraz, antolatzaileek aipatu dutenez, «heldu, ume eta gazte guztientzako izango da aproposa, familia edo lagun artean egiteko». Proba luzeak hiru orduko iraupena izango du eta 17:00etan hasiko da; proba ertainak bi orduko iraupena izango du eta 18:00etan abiatuko da; eta proba motza ordubetekoa izango da, eta 18:30ean hasiko da.

Proba ez da lehiakorra izango eta izen ematerakoan 12 urtetik gorakoek 5 euro ordaindu beharko dute eta 12 urtetik beherakoek, berriz, 3 euro. Bildutako diru guztia Begisare elkarteari emango zaio. Santamañako festa batzordeko kideek azaldu dute erretinako distrofia hereditarioa pairatzen dutenen bizi kalitatea hobetzeko sortutako elkartea dela Begisare eta aurtengo orientazio proban ekarpen «handia» egin nahi diote elkarteari. Horregatik izen ematera animatu nahi dituzte herritarrak. Bakarka edo bost kidez osaturiko taldeetan parte hartu ahal izango da eta 12 urtez azpikoek heldu batez lagunduta egin beharko dute proba. Ura, mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea derrigorrezkoa izango da eta amaieran anoa postua egongo da parte hartzaile guztientzat.

Igandean, berriz, 10:30ean hasita Santamañako XXI. Kros igoera ospatuko da. Zazpi euroan egin beharko da izen ematea Rockthesport.com helbidean. Zazpi kilometroko ibilbidea izango da. Asteasun bi itzuli egin eta ondoren Santamañara igoko dira korrikalariak.

SARIAK ETA OPARIAK

Emakumezko eta gizonezkoentzat sariak berdinak izango dira: 120 euro lehen sailkatuentzat, 90 euro bigarren sailkatuentzat eta 60 euro hirugarren sailkatuentzat. Iban Sanchezek du egina denborarik onena Kros igoeran, 25 minutu eta 50 segundokoa; eta emakumezkoen denbora onena, berriz, Elena Loyorena da, 30 minutu eta 57 segundokoa.

Antolatzaileek aipatu duenez, proba bukatu ondoren, hamaiketakoa eskainiko du Santamaña elkarteak eta zozketa zabala ere egingo da parte hartzaile guztien artean.

SANTAMAÑAKO JAIAK 2023

  • Uztailak 8, larunbata
    • 17:00. IV. Orientazio proba herrikoia. Izen ematea 16:00etatik aurrera.
  • Uztailak 9, igandea
    • 10:30. Santamañako XXI. Kros Igoera. Izen ematea Rockthesport.com helbidean egin beharko da.
  • Uztailak 14, ostirala
    • 22:00. Santamañako XXVI. Mus Txapelketa. Izen ematea 21:30etik 21:50era.
  • Uztailak 15, larunbata
    • 12:00. Haur jolasak.
    • 13:00. Txupinazoa.
    • 14:00. Herri bazkaria
    • 19:00. Bertso saioa: Nerea Elustondo, Unai Mendizabal eta Iker Zubeldia.
    • Arratsaldean eta gauean. Ostolaza eta Julene Otegi trikitilariak.
  • Uztailak 16, igandea
    • 12:30. Meza Nagusia.
    • 13:30. Toka txapelketa.
    • Ondoren. Laja II eta Lutxurdio trikitilariak.
    • 17:30. Herriko gazte eta ez hain gazteen arteko harri-tira saioa.
    • Arratsaldean eta gauean. Laja II eta Lutxurdio trikitilariak.
  • Uztailak 18, asteartea
    • 11:00. Meza Nagusia.
    • Ondoren. Hamaiketakoa.
    • 13:00. Auzotarren arteko herri kirol saioa.
    • Ondoren. Bertsolariak: Jexux Mari Irazu eta Anjel Mari Peñagarikano. Trikitilariak: Izer, Alabier eta Lutxurdio.
    • 17:30. Kalejira trenez lagunduta.
    • Afalaurretik. Tranpazuloren jaitsiera.
    • Gauean. Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!