LABek ez du onartzen Siemens Gamesak proposatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea

Ataria 2023ko maiatzaren 26a

Sindikatuak esan duenez, plantako zuzendaritzak maiatzaren 2an jakinarazi zion asmoa enpresa batzordeari. Espedientea negoziatzeko aldia hilaren 8an hasi zen, eta hiru bileraren ostean, ez dute inolako akordiorik erdietsi.

LABen esanetan, enpresak produkzio eta antolaketa arazoak argudiatzen ditu enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea  (ABEE) justifikatzeko, lan karga jaitsiera bat dagoela esanez. Sindikatuaren ustez, lan karga jaitsiera hori ez da gertatzen errealitatean, eta onartezintzat jo du sekulako irabaziak dituen enpresa horretan langileen kontura bermatzen jarraitu nahi izatea diru sarrera horiek.

«Gogorarazi behar da Siemens Gamesa Asteasuko lan zentroan langileek borrokaren bidez lortu zutela, duela hilabete gutxi, enpresaren salmentaren aurrean langileen eskubideak eta lanpostuak bermatzen dituen akordioa», azaldu dute. «Oraingoan ere borrokarako prest daude. Ez dute onartuko ABEErik. Ez dute onartuko enpresaren irabaziak langileen kontura bermatzea», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!