'Holaxe bizi da Xola' bilduma aurkeztu du Atxagak

Ataria 2023ko maiatzaren 17a

Argazkia: Donostiklik | Santiago Farizano

Idazle asteasuarrak argitara emandako bost narrazioak bilduma bakarrean bildu ditu, Mikel Valverderen ilustrazioekin.

Bernardo Atxagak Xola txakurtxoaren bost abenturen bilduma argitaratu du Erein argitaletxearekin, azal gogorrarekin. Euskarazko haur literaturako narrazio klasikoak dira, 1995etik aurrera argitaratu zirenak (Xolak badu lehoien berri, Xola eta basurdeak, Xola eta Angelito, Xola eta Ameriketako izeba, Xola eta lapurra) eta orain Holaxe bizi da Xola bilduman berreskuratu direnak. Hain zuzen, argitalpen bakarrean bildutako narrazio hauek Shogakukan argitaletxe japoniar ospetsuak hautatu ditu 2022an, eta literatura unibertsaleko haurrentzako lan onenen artean sartu. Munduko 125 haur-liburu onenen artean, hain zuzen.

Xola arratoi-txakurrak, Atxagaren arabera, «mando baten egoskorkeria, azeri baten maltzurkeria eta ume errebelde baten bihurrikeria» du; "batez ere animalia oso humanoa da, xaloa eta lotsagabea aldi berean, beti zalantzan jartzen dabil konbentzionalismo sozial batzuek ezartzen dizkiguten betebeharrak. Askatasuna maite du, baina absurdotik hurbil dagoen umore-ukitu batekin".

Mikel Valverdek Xolaren abentura hauek "zorrotz eta goxo" animatzen ditu komikiaren pareko ilustrazioekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!