Unibertsoa Asteasun

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko mai. 6a, 13:30

Kulturarteko espazioa abiatu dute Asteasun. Iaz, martxan jarritako Mundu bat Asteasun ekimenari jarraipena eman diote Asteasuko herritarrek. Helburua bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen artean arrakalarik ez izatea da. Honela, festa eguna izaten ari dira tabernaz taberna, kulturen arteko pintxo potearekin.

Eguna, 09:30ean, gosari batekin abiatu dute kulturarteko espazioaren lehen saioa eta 12:30ak arte aritu dira lanean. Ondoren, festarako eta harremanak egiteko unea iritsi da. Izan ere, parte hartzaileak bi taldetan banatuta herriko lau tabernatan –Argia, Iturriondo, Kabela eta Patxine– pintxo potean ibili dira. Lehiaketan aritu dira, bertako kulturaz eta kanpotik etorritako bizilagun horien kulturaz gehiago jakiteko.

Esaterako, umorez baina egungo gizartean ikusgai dauden arrakalak ere salatu dituzte. Txapelketaren galdera batek honela zioen: «Bertakoen bataz besteko errenta 2.040 eurokoa bada, zenbatekoa da kanpotarrena?». Zerbezak eskuan, umorea lagun, taldeka erantzuten ahalegindu dira parte hartzaileak. Erantzuna: «1.365 euro».

Asier Baglieto, soziologoa eta Asteasuko udal langilea, aritu da joko-txapelketa dinamizatzen. Kanpotik etorritakoen kulturan sakontzen ere aritu dira. Esaterako, «Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Kolonbian, gaztelaniaz gain, ofiziala den bakarra?». 75 bat hizkuntza ez ofizial badaudela Kolonbian jakin dute parte hartzaileek, proba bitartez.

Orga batean bozgorailua lagun, Asteasun entzun zaie gaurko ekimeneko parte hartzaileei. Alaitz eta Maiderren sintoniarekin, ezagutzen dut gizon bat kale kantoiak jarrita..., kalez kale jarraitu dute euren festarekin. Eta dantzarako aukera ere izan dute. Aldian behin, txapelketak atseden hartu eta denon artean bertako kulturaren ezagugarriak probatzeko aukera izan dute. Honela, Zazpi jauzi dantzaren doinuak bozgorailutik entzun, borobilean kokatu eta dantzan hasi dira guztiak elkarrekin.

Festa giroan, kultur aniztasunean, Mundu bat Asteasun.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!