Kulturarteko espazioa abiatuko dute Asteasun

Ataria 2023ko mai. 3a, 07:58

Larunbatean jarriko dute martxan egitasmoa eta izena eman beharko da parte hartzeko; eguerdian, tabernetan, kulturarteko pintxo potea egingo dute

Iaz jarri zuten martxan Mundu bat Asteasun ekimena. Kanpotik etorriko diren herritar berriei harrera egokia antolatzea eta kultura eta identitate ezberdinen arteko elkarbizitza indartzea dira egitasmoaren helburuak. Asmo horiek lortzeko antolatzaileek ezinbestekoa ikusi dute kulturarteko espazio bat martxan jartzea. «Bertan udaleko arduradunekin batera bilduko gara jatorri ezberdineko herritarrak, bai kanpotik etorritakoak, bai bertako jatorria dutenak ere», esan dute proiektuaren bultzatzaileek. Maiatzaren 6an, larunbatean, abiatuko dute espazioa.

Jatorria 21 herrialdetan duten 150 etorkin inguru bizi dira Asteasun, Latinoamerikatik etorritakoak gehienak, Ekuador eta Kolonbiakoak. Gipuzkoako batezbestekotik (%8,6) ez da asko aldentzen Asteasuko etorkinen ehunekoa (%8,5). Pili Legarra Asteasuko alkateak adierazi du herrian behin ere ez dutela izan elkarbizitza arazorik, baina Asteasun bertan jaiotako eta bertara bizitzera joandako komunitateen arteko arrakala handiagotu baino lehen heldu nahi diotela gaiari. Helburu hori buruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Mundu bat Asteasun egitasmoa jarri zuten martxan iaz, kultur aniztasuna, elkarbizitza eta parte hartzea ardatz dituena.

Prozesu honetan, atzerritik Asteasura etorritako herritarrek, zein bertako jatorria dutenek migrazioarekin lotutako hainbat gairen inguruan egin dute gogoeta. «Besteak beste, kanpotik datozen pertsonek dituzten beharrez, elkarbizitza osasuntsurako dauden erronkez eta aukerez, edota euskararen inguruan dauden bizipen ezberdinez aritu gara».

INAUGURAZIO ETA PINTXO POTEA

Larunbatean 09:30ean gosari batekin abiatuko dute kulturarteko espazioaren lehen saioa eta 12:30ak arte ariko dira lanean. «Orain arteko ibilbidearen berri eman eta aurrera begira ditugun proiektuak aurkeztuko ditugu, guztion artean osatzeko». Dagoeneko 25 pertsonak eman dute izena larunbateko saioan, baina oraindik ere interesa duten herritarrek izena emateko aukera dute. Horretarako kultura@asteasu.eus helbidera idatzi beharko dute edo whatsappa bidali 626 23 58 84 telefono zenbakira. Bihar da izen emateko azken eguna.

Ekimena biribiltzeko kulturarteko pintxo poteoa antolatu dute 12:30etik aurrera. Pintxo pote horretan herriko lau tabernek hartuko dute parte: Argiak, Iturriondok, Kabelak eta Patxinek. Taberna hauek pintxo pote berezia eskaintzeaz gainera, hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. «Goizeko lanak bukatuta, bertako kideak tabernaz taberna joango gara eta kulturartekotasuna ikusarazteko hainbat jolas eta proba egingo ditugu herriko tabernetan», esan dute antolatzaileek.

Maiatzaren 6ko ekimenarekin abiatuko dute kulturarteko gune berria Asteasun, eta ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, larunbatean erabakiko dute aurrerantzean nola antolatuko diren herritarrak kulturarteko espazioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!