ELKARRIZKETA

«Bizitzeko behar dudan zerbait da kirola, baina, ez da nire bizibidea izan»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko api. 17a, 07:59

Isabel Dumall Asteasuko Usarrabi kiroldegiaren aurrean. A. ARROYO

Hainbat aldiz Espainiako iraupen eskiatzaile onena izan da Isabel Dumall. Eskiaz gain, neguko zein udako triatloietan ere lehiatu da eta Munduko Triatloi Txapelketaren lehen edizioetan parte hartu zuen.

Hamalau urte zituela jantzi zituen eskiak lehenengoz Isabel Dumall (Jaka, Aragoi, 1966) kirolariak. Espainiako iraupen eskiatzailerik onena izan da hainbat aldiz, eta eskiaz gain, neguko eta udako triatloietan ere aritutakoa da, besteak beste. Madrilgo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean egin zituen ikasketak eta iraupen eskiko zuzendari teknikoa ere izan da Espainiako Neguko Kiroletako Federazioan. Gaur egun, berriz, Asteasuko Usarrabi kiroldegiko arduraduna da. Egindako ibilbideaz, kirolak bere bizitzan duen rolaz eta Dina Bilbaorekin zuen harremanaz aritu da.

Hainbat eta hainbat urtez aritu zara eskiatzen. Zer ematen dizu eskiatzeak?

Hamalau urterekin hasi nintzen eskiatzen; beti gustatu izan zait kirola egitea. Eskiatzen lagunekin hasi nintzen, eskolan; eta beti iraupen eskia egin dut. Eskiatzen dudanean betidanik sentitu izan ditut bakea, isiltasuna, baretasuna… Oso ondo sentitzen naiz eskiatzen. Mendia eta elurra konbinazio perfektua da niretzat.

Nolakoa izan zen hasiera?

Eski zaharrekin eta ahal genuen bezala joaten ginen. Ni familiako zazpigarrena naiz, denera zortzi anai-arreba gara. Nire bizpahiru anaik ere eskiatzen zuten, baina beti alpino egiten zuten. Ni hasi nintzen iraupen eskiarekin eta, material aldetik-eta ondo, baina, bazegoen zer hobetua. Pixkanaka hasi nintzen ikastaro bat egiten, gero beste bat… Gogoan dut niretzat lagunekin egiteko plan perfektua zela.



Hasieran ikastaroak larunbatetan eta igandeetan egiten genituen, eta hor eskiatzen genuen. Pixkanaka, berriz, gero eta gehiago eskiatzen hasi ginen, eta momentu batean lehiaketetan parte hartzen ere hasi ginen; oso prozesu naturala izan zen. Orduan entrenatzaile batekin joaten ginen, astean zehar, bi aldiz eskiatzera; oroitzapen oso onak ditut. Bakar-bakarrik egoten ginen; Candanchura (Aragoi) edo Somportera (Frantzia) arratsaldeko lauretan igotzen ginen eta ilundu arte ibiltzen ginen, ez zen inor egoten. Oroitzapen oso politak dira.

Txapelketetan ere urte askoz ibili zara. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?

«Lasterketa bat omen dago han: Aragoiko Txapelketa. Bale, ba parte hartuko dugu, ezta?». Ia nahigabe hasi ginen txapelketetan. Gerora pixkanaka jarraitu genuen Vaquèira-Bereteko (Herrialde Katalanak) martxan edo Somporten ere egiten zituzten lasterketetan; eta, horrela, hurrengo pausoa izan zen Espainiako Txapelketa. Egia esan berehala hasi ginen lehiatzen: hamalau urterekin hasi nintzen eskiatzen, eta hamabost urte nituenerako joan ginen Vaquèira-Bereteko Espainiako Txapelketara. Hori uste dut, behintzat; oso txarra naiz gogoratzeko zein txapelketatan parte hartu dudan, zein irabazi dudan…

 

«Gogoan dut buruan ez nuela hara joan eta txapelketa irabaztea; ondo pasatzera joaten ginen»



Gogoan dut buruan ez nuela hara joan eta txapelketa irabaztea; ondo pasatzera joaten ginen. Guretzat ondo pasatzeko eta lagunekin egoteko aitzakia zen txapelketa. Benasque, Gudar mendilerroa… Leku horiek ezagutzeko aukera izan genuen. Aipatu behar dut beti zeudela helduak gurekin, zeinak, musu-truk, alde batetik bestera eramaten gintuzten, materialarekin laguntzen ziguten… Hori izugarri eskertzekoa da.

Hamazazpi urte nituenean Espainiako selekziorako aukeratu ninduten; hamar bat gazte sartu ginen, eta beste fase moduko bat bizitzen hasi nintzen. Hain justu garai horretan Madrilera joan nintzen bizitzera, eta elurra oso urruti geratu zitzaidan, eta baita familia eta lagunak ere. Jarraitu nuen bai lehiatzen eta bai entrenatzen, baina ahal nuen moduan. Espainiako selekzioarekin, gainera, kanpoaldera atera ginen; kanpora esan nahi dut Europako Kopa jokatzera, Alpeetara… Europako Kopara batez ere. Imanol [Rojo] bezala Munduko Kopara eta hori ez, nik ez nuen halako mailarik, oso gaztea nintzen, besteak beste. Ni hasten ari nintzen, eta, aldi berean, Espainiako selekzioaren lehen pausoak ere izan ziren.

Hamalau aldiz izan zara Espainiako iraupen eskiatzaile onena. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Josu Iztuetak beti esaten du hori, baina ez dakit ziur horrela den [Barrez]. Kontua da Espainiako Txapelketan egiten bazenituen bost kilometroko lasterketa, hamar kilometrokoa eta erreleboetakoa, hiru domina lortzen zenituela edizio bakarrean. Posible da hamalau domina lortu izana, baina agian gehiago edo gutxiago izan ziren. Ez dakit ziur.



Lasterketa horiek irabazi izanak ez dit sentimendu berezirik sortu. Lasterketetan ateratzen nintzenean irabazi nahi nuen, jakina, bestela ez zuen zentzurik. Baina, niretzat, garrantzitsuagoa zen aztertzea ea zenbat prestatu nintzen, zenbat entrenatu nuen, eta horren arabera zer moduzko lasterketa egin nuen. Posible zen bosgarrena iritsi, baina, neure buruarekin oso gustura geratzea. Beste batzuetan, berriz, irabazi bai, baina lasterketa eskasa egin eta oso gaizki sentitzen nintzen. Emaitza gorabehera, garrantzitsuagoa zen niretzat egindakoarekin gustura gelditzea.

Aipatu izan duzu txapelketetan alde handia nabaritu zenuela Espainiako eta beste herrialde batzuetako eskiatzaileen artean. Zertan ezberdintzen ziren?

Espainiako selekziorako hartu nindutenean bazegoen jende helduagoa, jakina, zeinak maila hobea zuen. Baina ni gaztea nintzen, eta oraindik, Europako Kopa batean oso atzean geratzen nintzen.

Espainian lehiatzetik Europan lehiatzera… Lehiakideen maila oso ezberdina zen. Joaten zinen Suitza aldera edo Alemania aldera eta… Hamalau urterekin hasi nintzen eskiatzen. Eskiatzera neguan joaten nintzen, astean hiruzpalau aldiz, eta hori asko zen! Baina hango jendea sei urterekin hasten zen, egunero eskiatzen zuten… Dena zuten horretara bideratuta, baita ikasketak ere. Gu haien aldean oso afizionatuak ginen. Adibidez, Madrilera joan nintzenean ez nuen eskiatzeko aukerarik. Herrialde horietako jendeak ikasketak jarraitzen zituenean, joaten zen beste zentro batera, zeina elurraren ondoan egongo zen, eta egunero eskiatzen jarraitzen zuen. Ikuspuntua oso ezberdina zen. Gaur egun gauzak aldatu dira, baina ez hainbeste. Nire dedikazioa ez zen eskia bakarrik, eta ez zen posible Madrilen ikasten egotea eta aldi berean eskiatzen entrenatzea, joan-etorri gehiegi ziren. Orduan erabaki nuen ikasketekin jarraitzea.



Eskia, ordea, ez da zure kirol bakarra izan, triatloietan ere lehiatu baitzara urte luzez. Nolakoa izan zen batetik besterako trantsizioa?

Denbora asko pasa nuen eskiatzen, kanpora joaten… Espainiako selekziotik aterata ere, jarraitu nuen horretan, baina beste modu batean. Kirola beti egon da nire bizitzan, eta momentu batean erabaki nuen neguko triatloiarekin hastea. Trantsizioa nahiko leuna izan zen; izan ere, eskiatzeak, bizikletan ibiltzeak eta korrika egiteak osatzen dute neguko triatloia. Guk korrika asko egiten genuen entrenatzeko, eta bizikleta ere, ez hainbeste, baina egiten genuen. Beraz, esan liteke hasterako ohituta nengoela kirol horretan.

Neguko eta udako triatloi modalitateetan ibili zara. Non moldatzen zara hobeto?

Ni ez naiz igerilaria, eta ez naiz inoiz izan. Ez nuen erraztasun handirik uraren azpitik ura mugitzeko. Igeri egiten nuen, jakina, baina, behar den teknikarik ez nuen. Hobeto moldatzen nintzen neguko triatloian. Baina, bueno, triatloia bera ere hasten ari zen garai hartan; dena berria zen, dena zegoen egiteko… Ilusio handiz hartu genuen erronka. Beste garai batzuk ziren; gaur egun, berriz, ezberdina da oso. Esango nuke aitzindariak izan ginela, behintzat, Espainia mailan.

Eski eta triatloi lasterketa askotan hartu duzu parte, eta irabazi ere asko egin dituzu. Egiteko zerbait geratu zaizu?

Ba begira, orain dela gutxi irakurri nuen egin zidaten beste elkarrizketa bat, eta han esaten nuen New Yorkeko Maratoian atera nahi nuela [Barrez]. Eta ez, ez naiz horrekin geratu.

Dinarekin [Bilbao] batera udako triatloi pila bat egin nituen. Munduko Txapelketan atera ginen bi aldiz: lehenena Avignonen (Frantzia) izan zen, eta bigarrena Orlandon (AEB). Bi Europako txapelketatan ere atera ginen… Horiek triatloian antolatzen ziren lehenengoak izan ziren. Momentuan ez nintzen jabetzen, baina, orain, konturatzen zara eta pentsatzen duzu: «Triatloiaren lehen mundu lasterketan parte hartu nuen». Sailkapenari begiratu gabe, atzean geratu ginen, baina antolatu zen lehenengoan parte hartu genuen! Espainia mailan, berriz, kirol hori ia sortzen hasi ginen.



Momentu hartan buruan nuena zen lagunekin egotea, bidaiatzea… Eta denborarekin ohartzen zara egin duzunaz. Gero hori ere utzi egin behar izan nuen; dedikazio handia eskatzen zidan hainbat kiroletan entrenatzeak eta lanarekin uztartzeko oso zaila zen. Baina beti jarraitu dut kirola egiten, batez ere korrika. Lasterketa askotan atera naiz, Behobian, eta maratoi askotan ere bai: Berlingo maratoia egin nuen, Pragakoa, Pariskoa… eta New Yorkekoa egin nahi nuela esaten nuenean, pentsatzen dut ikusten nuela beste triatloi bat, baina atzerriko hiri batean; ez zegoen beste arrazoi zehatzik. Egia esan, ez dut inoiz helburu zehatzik eduki; nahi nuena egiten nuen, eta gaur egun ere berdin jarraitzen dut. Jakina, orain, adinarekin ohartzen zara badaudela gauza batzuk ezin dituzunak egin, baina, lehen motibatzen ninduten gauza batzuk, gaur egun, beste distantzia batetik ikusten ditut.

Lasterketetan Dina Bilbao ondarroarra izaten zenuen lehiakide askotan, eta lagunak ere bazineten. Nolakoa zen zuen harremana?

Iraupen eskiarekin hasi nintzen Dina ezagutzen. Pentsatzen dut izango zela Euskal Herriko edo Aragoiko txapelketaren batean, aldi berean egiten baitziren. Espainiako Txapelketan agian, hor ere astebete pasatzen genuen guztiok batera… Nik uste hor hasi ginela, eskiarekin. Beranduago, Madrilen nengoenean, tolosar batekin bizi nintzen: Amaia Elosegirekin. Hark kontatu zidan Indiara joan behar zutela espedizio bat egitera, eta gonbidatu egin ninduen. Garai hartan oraindik ez nekien euskaraz ere; Madrilen bizi nintzen, 20 urte nituen… Baina baiezkoa eman nien, eta Indiara joan nintzen hiru euskaldunekin, Dinarekin, Amaiarekin eta Txitxirekin [Orbegozo]. Hor hasi ginen harremana sendotzen.

Horren ondoren, triatloiak-eta etorri ziren. Txapelketetan ere ez ginen asko izaten: Dina, ni eta beste lau elkartzen ginen; bai neguko triatloian, bai udakoan… Geroago hasi ziren emakume gehiago parte hartzen, baina, hasieran batez ere, gu beti geunden hor. Gogoan dut Espainiako selekzioarekin joaten ginenean Europako Kopara-eta, gu biak elkartzen ginela, eta ez dakit «galduta» den hitza, baina «txiki» edo sentitzen ginen gainerakoen ondoan, guztiak mutilak ziren eta oso profesionalak. Gerora Dinak nik baino ibilbide profesionalagoa izan zuen, baina hasieran zaletasun bat zen hura berarentzat ere, eta hor estutu zen gure harremana.

Esan liteke lehiakideak lagun izan daitezkeenaren froga bizia zinetela.

Orlandoko Munduko Txapelketara joan ginen, eta lasterketa egin ondoren, han geratu ginen elkarrekin bidaiatzen; harremana ordurako estua zen. Lasterketan lehiakideak ginen, eta lehiakide artean ez du zertan giro txarrik egon, baina kasu honetan guztiz kontrakoa zen: oso-oso laguntasun ona genuen. Lasterketa-lasterketa zen, eta hor aurkariak ginen. Gainera, igerian egundoko astinduak ematen zizkidan, eta bizikletan ere ni baino hobea zen; baina, korrika hobeto ibiltzen nintzen ni. Azken zatian lehia bizia izaten genuen, atera zidan tartearen arabera, ni bera harrapatzen joaten bainintzen. Ziurrenik gehiagotan irabaziko zidan berak niri, nik berari baino; baina ez dakit seguru esaten. Eta, egia esan, berdin zait.

Hemen egongo balitz -eta nahi bai hala izatea-, agian, beste modu batean kontatuko zukeen. Baina nik hori sentitzen nuen, korrika egiteko zatira iristen ginela bera beti atzera begira, eta ni, berriz, aurrera begira. Oso harreman ona genuen.

Duela 26 urte, berriz, desagertu egin zen Antiguan, Karibe itsasoan, itsaso-istripu batean. Nola eragin zizun horrek?

Oso gaizki pasa nuen. Gertatu zenean ni oraindik Madrilen nengoen, baina ordurako harremana hasita nuen nire senarrarekin. Gogoan dut Dinak esaten zidala: «Antiguara etorri naiz ni, eta orain al zoaz zu hara [Euskal Herrira] bizitzera?». Biok sentitzen genuen amorru puntu bat edo, azkenean, elkartzeko aukera sortu zelako, baina, ezin izango genuelako elkartu.

Gertatu zenean, mailukada bat izan zen denontzat; oso-oso kolpe gogorra. Gainera, aurretik, bisitan joan nintzaion Antiguara, eta bizpahiru aste igaro nituen han. Bertan egon nintzenez, dena irudikatzen dut, edo nola izan zitekeen imajinatzen dut. Bueno, nola gertatu zen ezin da jakin, baina badakit zein itsasontzi zuten, non bizi ziren, nolakoa zen itsaso hura… Azkenean, berdin dio, ondorioa bera da. Tokia ezagutzen duzunean ez dakit kolpea gogorragoa den ala ez, baina irudikatu egiten duzu.

Esan bezala, benetan kolpe gogorra izan zen, baina hemen guztiok elkarrekin geunden. Taldean egoteak eramateko errazagoa egin zuen, baina, hala ere, oso potentea izan zen. Dina hain zen apartekoa… Oso pertsona berezia zen, alaia, enpatia handikoa… Niretzat oso pertsona berezia zen.

Eliteko kirolari izan zineten garaian emakumeen presentzia urriagoa zen kirolean. Zein ikuspegi zenuten?

Nik oharkabean egiten nuen. Ez nintzen jabetzen asko edo gutxi ginen, biderik irekitzen genuen edo ez… Sariei dagokienez, Dinak beti aldarrikatzen zuen baldintzen berdintasuna eta abar, oso indartsua zen; horretan, agian, bere atzetik nindoan.

Ni, gainera, iraupen eskitik nentorren, eta hor ez zegoen ez saririk ez ezer; bueno, dominatxo bat eta kito. Triatloian, berriz, beste kontu bat zen; oso nabarmena zen. Eztabaidak izaten genituen: gu lau ginen, baina hori ez zen gure errua; lau izateagatik ez al dut lehena izatearen saririk jasoko? Konpetentzia txikiagoa daukat, eta hori ezin da ukatu, baina zein erru daukat nik? Lehiaketa bera zen. Dina oso borrokalaria zen zentzu horretan.


Isabel Dumall eta Dina Bilbao, Orlandon (AEB), Munduko Triatloi Txapelketan, 1990ean.


Erreferente sentitzen zineten?

Ez dakit; ez dut uste. Nik behintzat ez nuen egiten inoren erreferente izateagatik. Izan banaiz, erabat ongietorria da eta pozten naiz; baina, ez nuen horregatik egiten. Egiten nuen gustatzen zitzaidalako, eta kito. Gaur egun atzera begiratzen duzu eta bai, ausartak izan ginen, baina, ni ez nintzen horretaz jabetzen. Erreferentea izan banaiz, eta horrek balio izan badu emakume gehiagok parte hartzeko, asko pozten naiz. Baina ez dut neure burua lider bezala ikusten. Nik egiten nuen, batez ere, bidaiatzea gustatzen zitzaidalako, giroa atsegin nuelako eta ondo pasatzen nuelako.



Gaur egun emakume gehiagok hartzen dute parte kirol txapelketetan. Zergatik uste duzu gertatu dela?

Nik uste gizarte aldaketa bat izan dela. Galde genezake, baita ere, zergatik ote dauden emakume gehiago aginte postuetan. Oraindik asko geratzen da egiteko, arlo guztietan; baina, aldaketan sartuta dago kirolaren mundua ere. Gaur egun baliabide gehiago ere badaude, txikitatik eskaintzen da kirola gizonentzat zein emakumeentzat… Guztia da gizarte aldaketarekin datorren gauza bat. Asko geratzen da, baina bagoaz pixkanaka.

Nola uztartu duzu kirola ikasketekin eta lanarekin?

Aukeratu behar izan dudan momentuan ikasketak edo entrenamendua, ala lana edo entrenamendua; beti garbi izan dut. Kirola egitea gustatzen zait, lehiatzea eta entrenatzea ere bai, baina ez da inoiz nire ogibidea izan. Bizitzeko behar dudan zerbait da kirola, baina ez da nire bizibidea izan. Momentu hartan ez nintzen jabetzen, zuzenena iruditzen zitzaidana egiten nuen. Baina, gerora ohartu naiz ez ditudala utzi ez ikasketak, ezta lana ere entrenatzeagatik.

 

«Aukeratu behar izan dudan momentuan ikasketak zein lana edo entrenamendua, beti garbi izan dut»



Jakina, entrenamenduak uztartu behar nituenez ikasketekin edo lanarekin, ez nuen erabateko dedikaziorik, edo ez, behintzat, kirolari profesional batek izan dezakeenaren parekorik. Maratoi bat egiten nuen, gutxi gorabehera denbora onean, baina hortik aurrera kito. Honekin ez dut esan nahi horretara bakarrik egon izan banintz oso kirolari ona izango nintzenik; ezin da jakin. Gaur egun ohartzen naiz muga oso garbi izan dudala beti.

Espainiako Neguko Kiroletako Federazioan iraupen eskiko zuzendari teknikoa zinela Johann Muhleggek Olinpiar Jokoetan hiru urrezko domina lortu zituen. Gerora, ordea, hiru dominak kendu zizkioten positibo eman zuelako dopin proban. Nola jaso zenuen notizia?

Aragoiko federazioan 22 urterekin hasi nintzen lanean, karrera bukatu eta gero. Handik oposizioak egin nituen, eta Madrilera joan nintzen Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko soinketa irakasle lanpostuarekin; horretan pasa nituen sei urte. Gero eszedentzia eskatu nuen eta hona etorri nintzen bizitzera, eta orduan sartu nintzen Espainiako federazioan, tekniko bezala. Hasieran, kudeaketa lana zen, eta ez zitzaidan asko gustatzen; gainera, ez nintzen eroso sentitzen.

Hor tartean zegoen Johann Muhlegg. Kirolari bikaina zen, eta oso ondo hasi zen selekzioan, baina pixkanaka aldenduz bezala joan zen, beste kontu batean nahastuta ere bazebilen eta… Oso kontu itsusia izan zen. Lasterketak taldearekin egiten zituen, baina bere kabuz zihoan. Eta halako batean harrapatu egin zuten. Kirolaria? Sekulakoa, eta ezin zaio meriturik kendu. Hiru domina horiek irabaziko ote zituen dopinik gabe? Ezin jakin, betikoa da hori.

 

«Oso gauza ona izan zitekeena desastre bat izan zen; berarentzat batez ere [Johann Muhleggentzat]»



Guretzat, batez ere hasieran, oso positiboa izan zen. Taldeari tira egiten zion eta oso taldekide ona zen. Lan eginda izatera irits zaitezkeenaren isla moduko bat zen; eta taldeari ere asko laguntzen zion. Baina kontua okertu zenean Johann Muhlegg izateari utzi zion, beste pertsona bat zen, gurekin egoteari utzi zion… Oso gauza ona izan zitekeena desastre bat izan zen; berarentzat batez ere. Selekzioari dagokionez, taldekideak nahiko goibel geratu ziren, eta instituzionalki, berriz, hautsak harrotu zituen. Alemaniar bat zen, nazionalizatuta Murtziako federazioan… Guztia xelebre samarra izan zen.

Adinean aurrera egin ahala nola aldatu da kirolarekin duzun harremana?

Ez da aldatu, berdin-berdin jarraitzen du. Konturatzen naiz egunero zerbait egin behar dudala; eta gustura egiten dut, ez da esfortzu bat. Batzuetan kosta egiten da, baina, gero beti ematen diot neure buruari bultzada eta egiten dut. Gorputzak eskatzen dit, nolabait, behar dut, eta oso ondo sentitzen naiz kirola egiten. Badaude ezer egiten ez dudan egunak ere, baina, harremanak hor jarraitzen du.

 

«Gorputzak eskatzen dit nolabait, behar dut, eta oso ondo sentitzen naiz kirola egiten»



Nire lanak ere beti izan du lotura kirolarekin: entrenatzaile, irakasle, orain kudeaketan.. Lotura aldatzen da, baina beti dago hor. Ikasketekin asmatu nuen [Barrez].

Hitz gutxitan, zer da kirola zuretzat?

Bizimodu bat. Betidanik barruan daramadan zerbait da. Isabel eta kirola lotuta daude. Beste batzuk beste lotura batzuk dituzte, idazleek haiena, artistek ere berdin… Niretzat kirola betidanik egon da hor, ia genetikoki esango nuke [Barrez].

Gaur egun Asteasuko Usarrabi kiroldegiko arduraduna zara. Zer moduz moldatzen zara?

Ondo sentitzen naiz. Kudeaketa beste arlo bat da, eta ni gehiago erakartzen nau praktikak, baina, hemen ere klase batzuk ematen ditut. Beti pentsatzen dut nire lan arloa dela, eta gustura egiten dut. Jardunari dagokionez, kirola antolatzeko beste ikuspuntu bat ikusarazi dit lanpostuak, hirugarren adinekoetatik hasita, helduekin, haurrekin ere bai… Herri txiki bat izanda, dena lantzeko aukera ematen dizu, eta hori ere oso aberasgarria da. Ez da bakarrik kiroldegia kudeatzea, ikastaroak antolatzea eta monitoreak lortzea; harago joan eta pertsona bakoitzak behar izan dezakeena osatzen saiatzea da.



Jaiotzez Jakakoa zara, nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Gaur egun nire senarra dena ezagutu nuen; Andoaingoa da bera. Bi urtez edo ibili ginen elkarrekin, eta batek edo besteak eman behar zuen pausoa, bestela harremana ez baitzen bideragarria; azkenean pausoa ematea erabaki nuen. Beti oso ondo moldatu izan naiz euskaldunekin, bai Madrilen INEF ikasten nuenean, eta baita iraupen eskian eta triatloietan ere. Euskaldun dezente egoten ziren eta, ez dakit zergatik, baina, haiekin asko ibiltzen nintzen.

Hona etortzea erabaki nuen, eta ahal zen moduan egin nuen aurrera. Hain zuzen, momentu hartan hasi nintzen Espainiako federazioan tekniko bezala.

Erresistentzia kirolak gustatzen zaizkizula aipatu izan duzu. Zergatik uste duzu dela?

Ez daukat ideiarik. Taldeko kirolak ere gustatzen zaizkit, kasurako, saskibaloia; baina, zailagoa da praktikatzea. Gainera, nire kasuan bezala, joaten bazara toki batera bizitzera, gero beste norabait ikastera, gero berriro beste nonbaitera… Are zailagoa da.

Agian erresistentzia kirolak gustatzen zaizkit iraupen eskiarekin hasi nintzelako. Ez dut esaten alpinoa samurra denik, baina ezberdina da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!