Aitziber Egaña izango da Asteasuko EAJ-ren alkategaia

Ataria 2023ko martxoaren 31

Asteasu «guztiontzat herria» izatea nahi duela nabarmendu du, eta agindu duenez, «ingurumenean eta pertsona ahulenen gizarte-babesean arreta berezia» jarriko du.

Asteasuko EAJ alderdi politikoko kideek Aitziber Egaña Callejo izendatu dute alkatetzarako hautagai maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Biologia Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta gaur egun Administrazio Publikoan ari da lanean.

Zerrendaburuak aurreratu duenez, EAJ-rentzat «berebizikoa da elkarbizitza politikoa, soziala, ingurumenekoa, kulturala eta genero-berdintasunekoa lortzen laguntzen jarraitzea». «Asteasu bazterketarik gabeko udalerri izatea da nire helburu nagusia; denentzat atseginagoa eta bizikideagoa. Asteasu, guztiontzat herria izatea nahi dut», gaineratu du.

Horrez gain, aurreikusi dituen lan-ildoen artean, Asteasu «auzo guztietako herritarren kohesiorako eta garapen ekonomiko, hezitzaile, sozial eta kulturalerako aukera berrien iturri» izatea nahi duela nabarmendu du. Horretarako, «ingurumenean eta pertsona ahulenen gizarte-babesean arreta berezia» jarriko duela agindu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!