Hassan Ait Chaou eta Ane Iturria izan dira irabazleak

Ataria 2023ko martxoaren 11

Guztira 75 parte hartzaile izan dira I. Anttine Trail kronoigoeran, eta Hassan Ait Chaou eta Ane Iturria izan dira denbora onenak egin dituztenak.

Kronoigoera egin dute Iturriotz baserritik Hernioko gurutzeraino, eta euri apur bat egin badu ere, giro egokia zegoen mendian gora korrika egiteko. Hassan Ait Chaou billabonatarra izan da gizonezkoetan denbora onena egiten, 25.14 markatuz. Lesio batetik atera berritan zegoen Ait Chaou, baina beste behin erakutsi du aldapa gora duen gaitasuna. Bigarren, oso gertu, Axier Artola amezketarra izan da, 25.32 eginez. Hirugarren Jokin Tolosa anoetarra izan da, 26.20ko denborarekin.

Emakumezkoetan Ane eta Irene Iturria ahizpa tolosarrak izan dira azkarrenak. Anek 33.16ko denbora egin du, eta Irenek 34.02. Hirugarren Ainhoa Usandizaga oriotarra izan da, oso gertu bigarren postutik, 34.12 egin baitu. Lehen hiru sailkatuei, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eman zaizkie sariak, eta baita lehen herritarrei ere. Gizonezkoetan, lehen asteasuarra Lander Aizpuru izan da, bosgarren sailkatua orokorrean (27.56), eta emakumezkoetan Isabel Dumall, hau ere bosgarrena sailkapen orokorrean (38.31).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!