Anttine Trail lasterketa egingo dute lehen aldiz datorren larunbatean

Ataria 2023ko martxoaren 8a

Iturrioztik Herniora bitarteko 4 kilometroko mendi lasterketa izango da, eta kronoigoera gisa, parte hartzaileak txandaka aterako dira; 80 lagunek eman dute izena

Larunbatean egingo dute I. Anttine Trail mendi lasterketa, izen bereko elkarteak antolatuta. Iturrioztik abiatu eta Hernio puntarainoko lau kilometroko bidea egin beharko dute lasterkariek, 482 metrotako desnibel positiboa duena. Xabi Irazu Anttine elkarteko kidea da eta probaren antolatzailea, eta bere esanetan «ibilbide esplosibo eta gogorra» da larunbaterako prestatu dutena.

Aiztondo bailarako hainbat gazte ekintzaile 2020an bildu ziren lehen aldiz Anttine Eguna antolatu eta euren arteko sinergiak aprobetxatzeko. Urteotan eragile gehiago batu dira ekimenera eta, gaur egun, Mattin Gizarte Abentura ekimeneko Beñat Garciak, Patxine tabernako Egoitz Aranburuk, Aritz Segurola entrenatzaile pertsonalak eta Alti errendimenduko Xabi Irazuk osatzen dute elkartea. Aurten martxoaren 25ean egingo dute Anttine Eguna, baina aurretik bestelako ekimenak ere egin nahi dituzte giroa berotzen joateko. Testuinguru horretan bururatu zitzaien mendi lasterketa antolatzea, Irazuren esanetan.

Proba ez da ezerezetik sortu, ordea. Aurreko irailean zortzi bikoteren arteko apustua antolatu zuten bailarako gazteek. Bizikletaz Iturriozera batek eta korrika Hernioko gurutzera besteak. Orduko hartan, 27 minututan ezarri zen Iturrioztik Herniora bitarteko marka. «Denbora oso ona da, baina badakigu izena eman duten kirolariak ikusita, denbora hori hobetuko dela», esan du Irazuk.

Arrakasta handia izan du I. Anttine Trail lasterketak, izen emateak egun gutxitan amaitu baitira. «Mugatu egin dugu parte hartzea, gauzak pixkana eta ondo egin nahi ditugulako. Gainera, Iturriozen aparkatzeko toki gutxi dago», aipatu du Irazuk. 80 lagunek hartuko dute parte mendi lasterketan eta txandaka abiatuko dira: «Kronoigoera izango da. 45 segundoero aterako dira lasterkariak. Bide estua izanik, bidean egon daitezkeen aurreraketak ekidin nahi ditugu eta ahalik eta segurtasun handiena bermatu parte hartzaileentzat».

10:00etan aterako da lehenengoa eta ordubete beranduago azkena. 12:00 alderako Hernioko gurutzean proba amaituta egotea aurreikusten dute antolatzaileek. Ondoren, Zelatunen egingo dute sari banaketa ekitaldia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!