Kultur aniztasunari buruzko parte hartze saioa egingo dute

Ataria 2023ko mar. 3a, 11:00

Euskal jatorria duten herritarrentzako egin dute deialdia Asteasuko udaletxean, martxoaren 7an, 19:00etan.

Mundu bat Asteasun egitasmoa Asteasuko Udalak jarri du martxan Xiri-Miri kultur taldearekin, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailarekin eta Pello Errota herri eskolarekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du proiektuak eta Asteasun kulturen arteko elkarbizitza sustatzea eta bertara datozen herritar berriei arreta egoki bat ematea du helburu. Egitasmoaren barruan, euskal jatorria duten herritarrentzat parte hartze saio bat egingo dute martxoaren 7an, Asteasuko udaletxean, 19:00etatik aurrera.

"Nolako harremana dugu atzerritik heldu diren pertsonekin? Nolako elkarbizitza nahi dugu herrian dauden hizkuntza, kultura eta azal kolore ezberdinen artean?". Gisa honetako galderei erantzun beharko diete bertaratzen diren herritarrek. Axier Baglietto udal teknikariak azaldu duenez, bertan jaiotako pertsonen pertzepzioa jaso nahi dute lehenengo bilera horretan: "Jakin nahi dugu nola bizi duten azkeneko 15 urteotan herrian eman den aldaketa. Zein kezka eta zein beldur dituzten ikusi eta elkarbizitza hobetzeko zein aukera identifikatzen dituzten aztertuko dugu".

Asteasun bizi diren herritarren %10ak Espainiako estatutik kanpoko jatorria dute. "Nagusiki, Kolonbia eta Ekuadorrekoak dira herrira bizitzera etorri direnak, baina badira, baita ere, beste herrialdeetatik etorritakoak". Hain zuzen, 2022-2023 urteen artean garatuko duten Mundu bat Asteasun egitasmoaren lehen fasearen barruan, parte hartze saioak egin dituzte dagoeneko herriko etorkinekin. "Alde batetik, hona iristen direnean faltan zer botatzen duten jaso dugu euren ahotik; eta bestetik, gaur egungo elkarbizitza nolakoa den aipatu digute, besteak beste, zein harreman duten euskararekin", dio Bagliettok.

Etorkizunera begira, Asteasun etorkinen harrera protokolo komunitario bat lantzea da egitasmoaren bultzatzaileen asmoa. "Ez bakarrik erakundeetatik, herritarren aldetik ere etorkinei harrera eta akonpainamendua nola egin jasoko luke protokoloak, eta kultur aniztasunari eta elkarbizitzari begirako baliabideak jarriko lituzke".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!