ELKARRIZKETA

«Elkarrekin baldintzak borrokatu ditugulako nago ni hemen»

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 15a, 19:57

Argazkia: Jon Urbe | Foku

Nekane Txapartegi asteasuarrari bete beharrik gabeko sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak; auzia itxita, ziklo berri honetan torturaren aurkako borrokan parte aktibo izan nahi du.

Astearteko eguna mugitua izan zuen Nekane Txapartegi Nievek (Asteasu, 1973). Goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu, eguerdian senitarteko eta lagunekin ospatu, eta iluntzean, Bergaran, Bi itzal dokumentalaren emanaldian parte hartu zuen. Biharamunean tarte bat hartu du Tolosaldeko Ataria-ren galderei erantzuteko.

Zein aldarterekin joan zinen asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalera?

Haserre. Nahikoa prozesu administratiboa zen asteartekoa eta lasai joan nahi nuen. Baina hara non, egunkari batzuetan, argi esango dut EAJ-ren ingurukoetan, Madrilera nindoanaren albistea filtratu zen. Zabaldu nahi izan duten mezua izan da ‘makurtuta’ joan naizela hara eta akordioa onartu beste erremediorik ez dudala izan. Haserrea piztu zidan horrek, medio horiek nahiago izan dutelako euren orriak torturatzaileen mezuekin bete torturaren errealitateari kasu egitea baino, noiz eta Torturaren Aurkako Egunean gainera. Beste behin ere, gaiari iskin egiten saiatu dira.

Zein mezu eraman nahi izan zenuen Auzitegi Nazionalera?

Saiatu nintzen egunkarietan agertutako titular horiei buelta ematen eta nire ibilbidea hasitako koherentzia berdinarekin bukatzen. Pentsatzen dut, urte luze hauetan, besteak beste Suitzan egin dugun erresistentzia eta borrokari esker, Espainiako estatua atzera egitera behartu dugula. Dokumentazio faltsua eramateagatik baino ezin izan naute zigortu.

Zure Euskal Herrirako itzulera beste modu batean irudikatzen zenuen?

Egia da garai batean beste iruditeri bat geneukala gatazkaren konponbidearen inguruan, denak aske itzuliko ginela pentsatzen genuen. Zoritxarrez, ez da horrela izan, baina ez dut pentsamendu horretan itxi nahi. Auzitegi Nazionalaren aurrean agertzeak badakar berekin nik egin nahi ez dudan zerbait egitea, tortura babesten duen auzitegia den momentu beretik. Lehen ere ihes egin nuen torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako zigor politikorik ez nuelako onartzen. Erabaki hori hartu nuenean ni bakarrik nengoen eta orain ama naiz. Nire erabakiek badituzte ondorioak alabarengan eta ingurukoengan. Suitzan bahiketa politikoa bizi genuen. Horrekin apurtu eta Euskal Herrira bueltatzeko modua Madrildik pasatzea izan da, baina pozik nago, torturaren gaia azaleratu ahal izan dudalako.

Astearteko auzi saioan torturaren salaketa egiteko aukerarik izan al zenuen?

Bai. Epaileak moztu egin nahi izan ninduen, esanez ez zela hori epaiketa horretan ebazten zena. Nik erantzun nion aukera nuen une eta toki guztietan salatzen dudala tortura. 1999an torturatu ninduten, 2007an ihes egin nuen berriro torturatua izateko beldurrez, eta Suitzan dokumentazio faltsua erabili banuen alaba eta biok babesteko izan zen. Gaiari amaiera eman diot eta garaipen txiki bat bezala bizi dut, torturaren lekukotza eman ahal izan dudalako Auzitegi Nazionalean. Garaipen osoa izan dadin, epaitegi horrek eta Espainiako estatuak torturaren aitortza egin beharko lukete. Hori lortu arte borrokatzen jarraitzea da nire asmoa.

Urteotako zama arindu zaizu?

Bai, maila pertsonalean bai. Bazen garaia pausa moduko bat egiteko. Hainbeste urteren ondoren egunerokoan ere eragina du egoera honek. Niri estresa zekarkidan, beti erantzuteko prest, alarman egon beharrak. Lasaitasuna ekarriko dit niri, baina baita alabari ere. Eta ingurukoei, nola ez. Behin pasa denean konturatzen zara ia 25 urte pasa direla eta nahi gabe egoera asko naturalizatzen dituzula. Zikloa amaitu dela ikusten duzuenean konturatzen zara zenbat energia erabili behar izan duzun egunerokotasunean eusteko, zein neurritan tira egin behar izan diozun egoerari, eta aurrera egiteko nola jardun duzun baliabide bila alde guztietan.

Uste duzu amaitu dela zure aurkako jazarpen zikloa?

Bai, berriro diot, pertsonal mailan izan daiteke, baina nik bizi dudan jazarpena kolektiboa da, herri bezala jasaten duguna. Ezin dut esan libre naizenik, nire askatasuna beste guztienarekin batera etorriko da. Lagunak eta kideak espetxean dauden bitartean ez naiz aske izango eta are gutxiago herri hau okupatuta dagoen bitartean. Ezin dut aske sentitu norbaitek nigatik erabaki behar badu nola bizi behar dudan, nola maitatu, nola pentsatu eta nola hitz egin. 1999tik saiatu dira jazarpen eta errepresio horrekin ni makurrarazten, eta ordutik nire ideietan tinko mantentzea, bere modura, aske izatea ere bada.

Ziklo berri honetan non kokatzen duzu zure burua?

Borrokatu dezakedan lekuan etxean sentitzen naiz. Orain, Euskal Herrian eta Suitzan ere bai. Ihes egin nuenean bakarra nintzen erabakia hartzeko, baina orain itzultzeko bi gara erabakitzen dugunak. Ikusi behar dugu bion beharrak non dauden ondoen aseta. Dena den, nire burua nahikoa maiz irudikatzen dut Euskal Herrira etortzen. Bereziki torturaren aurkako antolaketan parte aktibo izatea gustatuko litzaidake. Urak bere bidea daraman bezala, ikusiko dugu hemendik urte batzuetara non gauden. Herrialde jakin batean baino gehiago, etorkizunean, borrokan, antolatuta irudikatzen dut nire burua.

Zikloari amaiera emateko ospakizunik egingo al duzu?

Bai, inauterizale naiz eta egunotan hemen izango naiz. Etxekoekin eta bailarako elkartasun taldekoekin ere badut asmoa elkartzeko. Izan ere, kosta egiten zaigu lortu dugunaren tamainaz jabetzen, baina ospatu behar dugu elkartasunak ekarri duela garaipen hau. Elkarrekin baldintzak borrokatu ditugulako nago ni gaur hemen. Zikloa amaitzeko badugu ekitaldi politiko bat egiteko asmoa, ez hainbeste pertsona bezala ni goratzeko, egindako borrokari aitortza egiteko baizik, hori ere memoriaren parte baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!