ELKARRIZKETA

«Ez naiz oso akademikoa, gehiago ikasi dut kalean bizi izan ditudan esperientzietatik»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ots. 4a, 07:59
Asier Baglietto soziologoa eta Asteasuko udal langilea. A. ARROYO

Lanean aspertzeko astirik ez du izaten, eta ez da gutxiagorako, Asteasuko Udalean kultura, euskara zein kirol teknikaria eta liburuzaina baita Asier Baglietto (Eibar, 1975) soziologoa. Aurretik denetariko lanak egin ditu, besteak beste, Arremanitz kooperatiban, Elhuyarren eta AEKn; joan den urteko martxoan hasi zen Asteasun, eta kontatu du «ofizialki» teknikari postua arlo horien beharrak aztertzeko eta egituratzeko bada ere, «pixka bat denetik» egiten aritzen dela.

Zein dira zure lanpostuaren egitekoak?

Alor askotan lan egin behar dudanez, denetariko ekimenak antolatzen ditut hainbat gaitan: festetan, liburutegian, parekidetasunean, gazterian, euskararen normalizazioan… Pasa den azarotik laguntzaile bat daukat, urtebeterako, zeina, batez ere, berdintasun arloan arituko den. Horrek aukera ematen dit beste lan batzuei sakonago heltzeko.

Asteasura iritsi eta gauza asko dagoeneko martxan zeuden. Niri dagokit guzti horiei heldu eta aurrera jarraitzea.

Ohikoa al da lan horietan guztietan batera aritzea?

Esango nuke horixe dela herri txikietako definizioa. Hemen ez dago espezializaziorik, ez daukazu pertsona bakar bat informatikarako, batean aritzen denak besteko lanak hartzen ditu tarteka…

Postuak askoz lausoagoak dira; horixe da lan honen aberastasuna eta zailtasuna. Adibidez, aurreko urtean aldi berean aritu nintzen herri bazkarirako txartelak eta azokako saltzaileentzako dekretu bat egiten. Zuzeneko lan handia egiten duzu jendearekin, eta asko ikasten da. Ez da aspertzeko lan bat.

Aberastasuna dela aipatu duzu. Zeintzuk dira abantailak?

Izugarrizko luxua eta zortea da Asteasun horrelako lan bat egitea. Iruditzen zait kulturak, parte hartzeak, berdintasunak… finean, edozein gizarte politikak zentzua du, soilik, komunitatean egiten bada. Nik programatu ditzaket egitarauak eta jarduerak, baina ez dute zentzurik izango ez baditut antolatzen herritarren beharren eta nahien arabera. Alde horretatik, Asteasuk eskaintzen duen abantaila nagusietako bat da gertutasuna, eta baita herria ondo ezagutzea ere.

Noiz dira baliagarriak abantaila horiek?

Orain, adibidez, etorkinen parte hartze prozesu bat egiten ari gara. Sekulakoa da, esaterako, zehazki nortzuk diren jakitea; eta are gehiago, zerrenda bat edukitzea eta aukera izatea jakiteko ea nork ezagutzen du nor edo zeinek duen harremana kolonbiarrekin edo ekuadortarrekin. Zentzu horretan, lanketak dimentsio humano handia hartzen du, eta aukera ematen du gertutasun maila horretan lan egiteko.

 

«Ez dira garai onenak komunitatean lan egiteko, baina, nonbait aukera badago, hori herri txikietan da»



Egia da Asteasu ere ez dela salbuespena, eta komunitatean lan egiteko ez dela garairik egokiena: komunitateak oso ahulduta daude, menpekotasun handia dago pantailekin, isolamendu handia dago, mesfidantza ere bai… Ez dira garai onenak, baina, nonbait aukera baldin badago, hori herri txikietan da.

Zailtasunak, berriz, zeintzuk dira?

Zailtasun handiena baliabide eskasia da. Hor badaukagu lege bat, administrazio orokorrean, zeinak mugatzen duen udal batek baliabide gehiago izatea, nahiz eta horretarako ekonomikoki aukera eduki. Asteasuren kasuan, herrian edukita kultur etxea, liburutegia eta abar, guzti hauek kudeatzeko pertsona bakarra izatea, gutxi da; baina, udalak hori osatzeko borondatea izanda ere, ezingo luke, aipatu dudan legea dela-eta. Hori muga handi bat da, eta hainbeste arlotan lan egiteak zailtasunak sortzen ditu bakar batean zentratzeko, batetik bestera saltoka zabiltzalako denbora guztian.

Besterik ba al da?

Beste zailtasun bat da jendartearen kultura politikoa. Herritarrok oraindik ez ditugu udal baliabideak gure sentitzen, eta, beraz, ez dago joerarik horien gaineko ardura hartzeko edo dagokiguna eskatzeko. Txanponaren beste aldea da administraziotik ere askotan jokatzen dugula baliabideak administrazioarenak izango balira bezala, eta hor badago aldatzeko behar bat: benetan konektatuago egotea administrazioa eta herria. Kulturan, esaterako, nire sentsazioa da ez daudela konektatuta udaletik egiten den kultura eta herritarren sektore asko. Urtean zehar egiten diren jarduerek zenbateraino dute eragina hemengo gazteengan? Uste dut lotura hori indartzen asmatu beharko genukeela, eta sentitzen benetan administrazioa edo erakundetzea baliabide bat dela komunitate bezala antolatzeko.



Nabarmentzeko beste kontu bat da nori begiratzen diogun administraziotik, nola gure begiradan ere erreproduzitzen den jendartearen erdigunean jartzen den profil hori: bertakoa, zuria, adin eta klase ertainekoa, gizona… Eta hortik kanpo begiratzen hasten garenean zailtasunak izaten ditugu egokitzeko. Lan handia dago begirada hori zabaltzen, eta jabetzen hemen ere badirela etorkinak, ez bitarrak direnak eta abar; eta horiek ere herritarrak direla eta zerbitzua zor diegula.

Nola heldu zara Asteasuko liburuzain eta teknikari izatera?

Arremanitz kooperatibatik 2018an hasi ginen hemen proiektuak egiten. Lehen proiektua Erraztuz izan zen, gazteekin indarkeria matxistaren inguruko lanketa bat; prozesua oso polita izan zen. Hasieratik oso harreman ona eraiki genuen bai herritarrekin, bai udal arduradunekin. Eta hortik beste proiektu batera pasa ginen Asteasun bertan: herri hezitzaileen proiektura. Horretan ari ginela hemengo liburuzaina zenak eszedentzia eskatu zuen bi urterako, eta udaletik lanpostu hau sortu eta jakinarazi zidaten: «Dagoeneko hemen urte batzuk daramatzazu, ezagutzen duzu hau, guk ere ezagutzen zaitugu; lanpostu hau atera da eta aukera polita litzateke zu aurkeztea».

Ez naiz behin ere administrazioko lanpostu batera aurkeztu, ez nuen oposiziorik egin sekula, eta bat-batean parean horrelako aukera eder bat izatea espero gabeko opari ederra izan da.

Eta aurretik zertan aritu zinen?

Euskararen munduan hasi nintzen lanean, AEKn klaseak ematen; beranduago enpresa txiki bat eduki genuen Zarautzen, non merkataritzarako hizkuntza normalizaziorako plangintzak egiten genituen; ondoren, UEUn —Udako Euskal Unibertsitatean— ere aritu nintzen eta artikuluren bat ere argitaratu nuen. Handik, berriz, sexualitatearen eta harremanen eremura pasa nintzen, eta orain, berriz, beste alor batean nago. Baditut hari-mutur batzuk, munduari eta harremanei begiratzeko modu bat, non bazterrekoak erdigunean jarri nahi ditudan eta norberaren zein kolektiboaren ardurei tokia egin nahi diedan. Hala ere, ez naiz oso akademikoa, gehiago ikasi dut kalean bizi izan ditudan esperientzietatik.

Ikasketaz soziologoa zara. Nola eragin du horrek zure mundu ikuskeran?

Ikasketak entzunda gogoa karrerara joaten zait, eta hori oso atzean daukat. Baina geroztik ikasi dudanak asko eragin dit: bai sexualitate masterrak, bai berdintasun masterrak… Orain psikoterapiari buruzko master bat egiten ari naiz, eta horietan ikasitakoak asko eragin du nire lan egiteko moduan. Niretzat oinarria beti da pertsonekin eta harremanekin lan egitea, eta hor nola jardun pentsatzea: pertsonak zainduz, haien erritmoak eta eskaerak ulertuz, horiei arreta eskainiz… Oinarri-oinarrizkoa da hori niretzat. Esan bezala, nire eskola garrantzitsuenetako bat izan dira kalea, militantzia eta elkarteak; eta hor ikasten den guztia.

 

«Niretzat oinarria beti da pertsonekin eta harremanekin lan egitea, eta hor nola jardun pentsatzea»



Zer esan nahi du zuretzat liburuzain izateak?

Niretzat hau bai dela gauza berri-berri bat. Ez naiz ikaragarri irakurzalea, eta azken urteetan ikasketengatik eta lanarengatik asko irakurri behar izan dudan arren, literatura erabat utzita eduki dut. Orain, berriz, nire lanaren zati bat liburuzain izatea aukera ederra da, eta oso gustura egiten dut. Motibazioa ematen dit, eta etxean askoz gehiago ari naiz irakurtzen hemen hasi nintzenetik [Barrez].

Erregistro lana ere oso polita da, egiteko ezberdinak batzen baititu. Batetik, asko du liburuak ordenatzetik eta txukuntzetik; eta, bestetik, arreta jartzetik ohartzeko zer eskaintzen den eta jendeak zer eskatzen duen. Hortik hartu-eman polita sortzen da jendearekin. Ikasteko asko daukat oraindik, baina opari bat da horrela gertatu izana. Gainera, zorte handia daukat, orain etorri den lankide berri honek esperientzia baitu liburuzaintzan, eta kristoren astindua ematen ari zaio Asteasuko liburutegiari.

Zein garrantzia du liburutegiak asteasuarrentzat?

Egia esan, beti ikusten dut jende gehiago ibiltzen dela kiroldegian edo tabernan [Barrez]. Zentzu horretan, ez da herriko espazio erabiliena. Oso ondo islatzen du gaur egun jendartean zein toki ematen zaion kulturari edo literaturari, eta kirolei. Oso esanguratsua da, ezer ez da neutroa. Azpiegitura oso duinak ditu Asteasuk, baina, agian, hobeto pentsatu litezke. Azpiegitura guztiak eraikinetako bigarren pisuetan daude; ez daude eskura herritarrak bertatik bertara gerturatzeko. Erabiltzeko moduak ere askotan oso zurrunak dira; hemen, esaterako, beti isiltasuna gorde behar da… Asmatu beharko genuke literatura ere eskuragarriago jartzen; formatu mistoago batzuk topatu literatura gerturatzeko jendearengana; adibidez, musikaren bitartez edo. Baina, orokorrean, ez daukagu patxadarik liburuak irakurtzeko, beraz, zaila da.



Orain, zehazki, zertan ari zara lanean?

Oraintxe, alde batetik, Ueman sartu berri gara, eta hori martxan jartzen gabiltza. Bestalde, etorkinen parte hartze prozesuarekin ari gara: bi talde elkarrizketa egin genituen, erantzunekin emaitza txosten bat osatu dugu eta, orain, haiekin kontrastatu behar dugu. Ondoren, asmoa da hurrengo urrats bat ematea, eta bertako herritarrekin ere gaia lantzen hastea; emaitza izango litzateke harrera plan bat diseinatzea kanpotik datozenen beharrak asetzeko, eta zehaztea herri honetan nola landu nahi dugun kulturartekotasuna.

Horiez gain, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lantzen ari gara udaletik, zehazteko biktimei arreta nola eskaini eta nola koordinatu instituzionalki; Martxoaren 8aren testuinguruan aurkeztuko dugu. Kulturari dagokionez, antzerki aste bat antolatzen ari gara Zizurkilekin batera, eta neguko programazioa ere burutzen ari gara. Eta, baita ere, martxan daukagu haurren eta gazteen parte hartze egitasmoa: Soka. Orain, asanbladak egin nahi ditugu haurrekin, gurasoekin, irakasleekin… Hori ere aurrera doa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!