Mendi bizikleta festa, Asteasun

Ataria 2023ko urtarrilaren 19a

Pasa den igandean, urtarrilak 15, II. Asteasuko BTT Proba egin zuten Elizmendi auzoan. 165 haurrek parte hartu zuten.

Aiztondo Elkarteak, Asteasuko Udalak eta Danena Txirrindularitza Taldeak elkarlanean antolatu zuten proba. Gipuzkoako Eskolarteko Federazioko ordezkariak ere bertan izan ziren antolakuntza lanetan. Eguraldiak ez zuen lagundu, goizeko lehen ordutik euri zaparrada handiak izan zirelako. Hala ere, gaztetxoek lan ederra egin zuten.

Hiru mailatako neska-mutilak izan ziren: benjaminak, alebinak eta infantilak. Benjaminek bi itzuli eman zizkioten 700 metroko ibilbideari; alebinek, hiru itzuli eman zizkioten kilometro bateko ibilbideari; azkenik, infantilek, hiru itzuli eman zizkioten 1,4 kilometroko ibilbideari.

Benjaminek ez dute saririk izaten; adin horretan ez da sailkapenik izaten, eta jolasa eta lagun arteko giro ona izaten dira helburu nagusiak.

Beste bi mailetan ondorengo txirrindulariak izan ziren azkarrenak:

Alebin neskak:

  1. Ainhoa Plaza (Dorleta ama)
  2. Lizar Zubeltzu (Oriako Txirrindularitza Eskola)

Alebin mutilak:

  1. Daniel Diaz (Irunes)
  2. Beñat Iraola (Oriako Txirrindularitza Eskola)

Infantil neskak:

  1. June del Teso (Oriako Txirrindularitza Eskola)
  2. Katixa Navarro (Dorleta ama)

Infantil mutilak:

  1. Oier Albisu (Oriako Txirrindularitza Eskola)
  2. Unai Aranburu (Goierri)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!