Anttine elkartea sortu dute

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 19a, 12:00

Aiztondo bailarako gazte ekintzaileek egitura finko bat sortzea erabaki dute, Anttine egunaz gain, urtean zehar bestelako ekitaldi batzuk antolatzeko

2020. urtean Anttine eguna antolatzeko bildu ziren Asteasun hainbat gazte eragile. Hiru urte beranduago, elkartea sortzea erabaki dute eragile horietako batzuk, Anttine egunaz harago, urtean zehar ekimen ezberdin gehiago antolatzeko. «Uste dugu elkarrekin indar handiagoa dugula eta elkarte bat eratuta gauza gehiago egin ditzakegula», esan du Beñat Garcia Escribanok, Mattin Gizarte Abentura ekimeneko arduradunak. Berekin batera, Patxine tabernako Egoitz Aranburuk, Alti errendimendu proiektuko Xabi Irazuk eta Aritz Segurola entrenatzaile pertsonalak osatu dute Anttine kultur elkartea.

Elkartearen bitartez euren ideia eta baloreak transmititzeko aukera gehiago izango dutela esan du Garciak. «Anttine izena asmatu genuenean ere horrekin egin genuen jolas. Patxine eta Mattin izenak nahastuta eta antzina izaten ziren balio horiek gogoan hartuta. Uste dugu elkar trukea, elkarrekin plazaratzea eta ekintzaileon lanak ikusaraztea direla gure balioak. Auzolanean, elkarrekin aritzearen balioa da sustatu nahi duguna».

Orain arte antolatu dituzten ekitaldietan helburu solidarioak dituzten ekimenak bultzatu dituzte. 2020an egin zuten lehen Anttine egunean, esate baterako, Kikarakada Lesbos uharteko haur errefuxiatuekiko elkartasun ekimenari egin zioten lekua, eta iazko edizioan, Jatorkin Al-Nahda elkarteak postu solidarioa jarri zuen Asteasun, informazioa banatu eta produktuak jaso ahal izateko. «Anttine egunean txosna herrikoia ere jartzen dugu eta borondatez aritzen gara gazteak lanean. Bildutako dirua elkarte bati ematen diogu eta iaz Aspanogi elkartera bideratu genituen irabaziak», esan du Mattin Gizarte Abenturako kideak.

Aiztondo bailarako ekintzaileak lanerako, elkarri laguntzeko, eta beste eragileei ekarpena egiteko prest daudela eman nahi dute ezagutzera Anttine elkarteko kideek, izan gazte edo heldu: «Gu gazteak gara, motibatuta gaude eta gauzak egiteko elkarrekin antolatzen gara. Ekintzailetasun hori da proiektu honekin ikusarazi nahi duguna. Gure baloreekin bat datorren guztia ongi etorria da». 2020an ideia gauzatzen hasi zenean eragile ezberdinak batu ziren ekimenera. Besteak beste, Beertoki artisau garagardo elkarteak, Ama tabernak edota Zatzaizkit arropa markak hartu izan dute parte Anttine egunean. «Eragile horietako batzuk bere bidea segitu dute, baina gertu sentitzen ditugu. Bide honetan, eragile berriak ere gerturatu zaizkigu eta hori pozgarria da», esan du Garciak.

INDARRAK BATUZ

Aurten batu da Alti errendimendu proiektuko Xabi Irazu elkartera, eta aurretik modu berean egin zuen Aritz Segurola entrenatzaile pertsonalak. Iazko Anttine egunean, Segurolak bultzatuta egin zuten herri kirolaren eta krossfitaren arteko desafioa. Arrakasta «handia» izan zuela dio Garciak, Asteasuko eta inguruko 25 gaztek baino gehiagok hartu baitzuten parte pilotalekuan antolatutako lehian. Aurten martxoaren 25rako iragarri dute Anttine eguna eta antolatzaileek aurreratu dute berriro egingo dutela herri kirolen eta krossfitaren arteko desafioa.

Aurrerago emango dute ezagutzera Anttine eguneko egitarau osoa, baina aurreratu dute familien arteko olinpiadak izango direla goizean eta proiektu ezberdinak azaleratzeko ekimenak antolatuko dituztela. Arratsalde partea festarako baliatuko dute eta oraingoz baieztatu ahal izan dutenez Distopia elektrotxarangakoak ariko dira, besteak beste, III. Anttine eguneko egitarauaren barruan. «Asteasun ospatzen diren festa gehienak plaza inguruan antolatzen dira eta gure asmoa jai giroa herriko txoko ezberdinetara zabaltzea da. Anttine eguneko ekitaldietako batzuk Kale Nagusi ingurura eramango ditugu», aurreratu du Garciak.

Eguna antolatzeko jende askoren laguntza beharrezkoa dela aipatu du Mattin Gizarte Abenturako kideak, eta Anttine elkartearen helburua, hain zuzen, horrelako ekimenen inguruan gazteak aktibatzea eta saretzea dela esan du. «Gure artean ezin dugu dena antolatu. Ezin gara toki guztietara iritsi. Karpa jartzeko, bazkaria zerbitzatzeko, guztia jasotzeko, hondakinak biltzeko.... gazte asko aritzen da lanean Anttine egunean eta hori ere eskertzekoa eta poztekoa da». Aurten, Asteasuko Udalaren laguntza ere jasoko dutela iragarri dute elkartetik.

MARTXOAREN 11N, IGOERA

Anttine elkartearen asmoa egunaz aparteko ekitaldi gehiago antolatzea da. Aurreko urteetan bezala xake eta mus txapelketak egiteko asmoa dute 2023. urte honetan ere. «Mattin Gizarte Abenturan ere badugu asmo berri bat, bibak asteburuak antolatu nahi ditugu. Lehenengo asteburua Anttine elkartearen babespean egingo dugu», azaldu du Garciak.

Aurten Alti errendimendua proiektuan sartu denez, beste egitasmo handi bat bideratu nahi dute elkartetik: Anttine igoera. Mendi lasterketa izango da Iturriotzetik Herniora eta martxoaren 11n egingo dute. «Asmo asko dauzkagu eta elkarrekin aterako ditugu aurrera», esan du Garciak. Elkarren arteko trukean, elkartasunean eta ekintzailetzan ari diren eragileek emango dute zer esana Aiztondo bailaran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!