Asteasun izango da jokoan Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Urdax Magunazelaia, Gipuzkoako Harri Handien Harri Jasotze Txapelketako irabazlea.

Usarrabi frontoian izango da lehiaketa, larunbat arratsaldean. Guztira hamar harri jasotzaile izango dira txapelaren bila.

Asteasun egingo da, beste behin, Euskal Herriko Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa. Hamar harri jasotzailek parte hartuko dute, larunbatean, 18:00etatik aurrera, Usarrabi frontoian egingo den lehiaketan: Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Xabier Aranburu, Julen Diaz, Aimar Irigoien, Jon Unanue, Iñigo Eizagirre, Sergio Mielgo, Gorka Etxeberria eta Urdax Magunazelaia.

Harri jasotzaile bakoitzak lau harrirekin egin beharko du saioa. Laukizuzena 175 kilokoa edo 200 kilokoa izango da, zilindrikoa ere 175 kilokoa edo 200 kilokoa, kubikoa 150 kilokoa eta bola 125 kilokoa. Pisu bateko laukizuzena aukeratuz gero, zilindrikoa beste pisukoa izango da. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saioa egingo du bakoitzak.

Azaroan egin zen Gipuzkoako Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa Zizurkilen, eta orduan Urdax Magunazelaia izan zen txapelduna. Bigarren postuan Jokin Eizmendi sailkatu zen eta hirugarren Iñigo Eizagirre izan zen. Hiru horiek, beraz, faboritoen artean izango dira. Ikusgai dago Aimar Irigoien zer egiteko gai izango den, lesioengatik ez baita azkenaldian nahi bezala lehiatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!