Asteasuko Udalak Ueman sartzeko eskaera egin du

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 24a, 09:45

Azaroko osoko bilkuran hartu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko erabakia, aho batez. Beraz, datorren abenduaren 17an, Uemaren batzar nagusiak herri berrien eskaerak onartzen dituenean, mankomunitateko 95. herria izango da Asteasu; Uemako kide den Tolosaldeko 22. herria izango da.

Atzo iluntzean egin zuen azaroko osoko bilkura Asteasuko Udalak. Bertan hartu zuen erabakia, Uemaren estatutuak onartu ondoren. Aho batez hartu dute erabakia, Asteasu Batuz taldeko zinegotzien eta EAJren zinegotzien aldeko bozkekin, atzoko bilkuran denek bertan egoteko aukera izan ez bazuten ere.

Eustatek urriaren amaieran plazaratu eta Uemak pasa den astean ezagutarazitako datuen arabera, 2021ean, euskaldunen indizea (euskaldunak + ia euskaldunen erdia) %86,75 da Asteasun. Oro har euskaraz bizi dira herrian, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, hauskortasunarekiko kezka ere badu Asteasuko Udalak, euskararen arnasguneetan ohikoa den bezala, edozein aldaketarekin egoera iraultzeko arriskua handia delako.

Euskararen kale-erabilerari dagokionez, esaterako, 2021eko datuen arabera %73,30 euskaraz aritzen da kalean Asteasun, baina azken lau urteotan nabarmen egin du behera kopuruak, 2017an %86,40 aritzen baitzen euskaraz. Haurren eta gazteen artean datuak askoz hobeak dira, eta horiek akuilutzat hartuta zein Uemako kide bihurtuta, Asteasuko Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika aurreratu eta bateratuekin eragiteko asmoa du, elkarlanean, Tolosaldeko gainerako udalekin eta Uemarekin batera.

Iaz 1.549 biztanle zituen erroldan. Uemak abenduaren 17an egingo du batzar nagusia, Deban. Batzar horretan, ohi bezala urteko balantzea egiteaz eta urte berrirako plangintza onartzeaz gain, Uemako kide izateko herri berrien eskaerak ere aztertuko dituzte batzarkideek. Asteasu Uemako kide izatea onartzen dutenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 22 izango dira mankomunitateko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!