Wolverhampton Wanderers taldearen entrenatzaile berria da Julen Lopetegi

Ataria 2022ko azaroaren 7a

Argazkia: Wolverhampton Wanderers

Prestatzaile asteasuarrak lehen aldiz entrenatuko du Ingalaterrako Premier League txapelketako talde bat.

Sevilla taldearen entrenatzaile izateari utzi eta gutxira lortu du talde berri bateko ardura hartzea Julen Lopetegi asteasuarrak. Esperientzia berria izango da berarentzat, inoiz ez baitu Ingalaterrako Premier League txapelketako talderik entrenatu.

Lopetegi azken 20 urteotan aritu da entrenatzaile lanetan, eta, besteak beste, Porto, Espainiako selekzioa, Real Madril eta Sevilla entrenatu ditu, azken hori aurreko hiru urteetan eta denboraldi honen hasieran. Hain justu, urriaren 5ean eten zion hitzarmena Sevilla taldeak. 56 urteko asteasuarrak Wolverhampton Wanderers klubeko gizonezkoen lehen taldearen ardura hilaren 14an hartuko du. Ordurako Premier League txapelketa etenda egongo da, Munduko Txapelketa dela eta. Beraz, asteasuarrak aukera izango du taldera egokitu eta bere lana hasteko. Bere lehen partida ofiziala abenduaren bukaera aldera izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!