BABESTUTAKO EDUKIA

Herriz herri atera dituzten irriak ikusteko aukera

Mattin Gizarte Abentura 2022ko aza. 6a, 07:58

Irrineta eta Irrikleta, Mattin Gizarte Abenturakoek borondatez egindako bi bidaia dira, Euskal Herriko haur eta nerabeekin jolastuz, haien irriak ateratzeko.

Iazko udan, furgoneta hartu, eta bederatzi egunez Euskal Herriko zazpi herritan egin zuten geldialdia Mattin Gizarte Abenturako kideek. Bertako haur eta nerabeekin espontaneoki jolasak eginez, «irriak eta sudur gorriak banatzen» pasa zituzten egunak. Irrineta deitu zioten proiektuari, eta dokumental batean jasota dauzkate bizipenak. «Erakutsi nahi dugu, zerbait lortu nahi bada, eta borondatea badago, gauzak hartu, abiatu eta lortu daitezkeela».

Izandako arrakasta ikusita, aurten berriro errepikatu dute irteera, baina, aurtengo kasuan, bizikletaz osatu dituzte etapa guztiak, karro batean materiala hartuta. Kasu honetan, Irrikleta izena hartu du proiektuak. «Iaz, Asteasutik Bizkaia aldera atera ginen, eta aurten Ipar Euskal Herrira joan gara lehenik, gero Lekunberritik barrena Asteasura bueltatzeko». Astebete pasa dute, «helburu berarekin, irriak ateratzen». Bidaia irudi bidez jasotzeko «prestatuago» joan dira aurtengoan, eta bigarren dokumental bat osatzen ari dira, Gabonen aurretik aurkezteko. Dokumentalarekin batera solasaldi moduko bat eskaini nahi dute, hitzaldi formatuan, Gipuzkoako zein Euskal Herriko udalerrietan proiektua ezagutzera emateko. «Bizitu ditugun esperientziak partekatzea da asmoa». Irrikleta-ko etapen laburpenak ikusi nahi dituenak Instagrameko perfilean aurkituko ditu, reels-etan.



Udalerri ezberdinetan aurkeztu eta gero, kedada erraldoi bat egin nahiko lukete, parte hartzaileekin jolasak egin, proiektuaren inguruko iritziak jaso eta egitasmoaren inguruan hitz egiteko.

Lan eta lan

Gainerakoan, lan eta lan ari da Mattin Gizarte Abentura. Esaterako, Asteasun, Olaberrian, Altzon eta Alegian haur, nerabe, heldu eta hirugarren adinekoekin prozesu parte hartzaileak ari dira egiten. «Helburu desberdinekin egiten ditugu, protagonisten ahotsa entzun eta beraien nahiak aurrera eramaten laguntzen diegu ondoren; izan daiteke lokal bat lortzeko ahalegina, edota herrian beraien parte hartzea handitzeko ahalegina ere».

Ludotekarekin eta gizarte abenturak eskaintzen dituen ekintza ezberdinekin ere aurrera jarraitzen dute. Hurrengo udarako, beste proiektu berritzaile bat daukate buruan: Bibak asteburua. Inguruko mendietan, haur, nerabe, heldu eta familiek mendiko esperientzia bat bizitzeko aukera izatea, lo zaku batekin soilik, bertan lo egiteko aukera izanez. Tartean, jolasak, istorioak eta bestelako eskaintzak ez dira faltako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!