Atzerritarrak entzun eta elkarrekin eraiki nahi dute herria

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 25a, 18:00

'Mundu bat Asteasun' egitasmoa aurkeztu dute. Hiru egunetan solasaldiak egingo dituzte herrira etorritako jatorri ezberdinetako herritarrekin, eta kultur aniztasuna ospatzeko festa egingo dute azaroaren 4tik 6ra.

Kultur aniztasuna, elkarbizitza eta herritarren parte hartzea ardatz dituen proiektua aurkeztu dute Asteasun. «Denontzako herri euskaldun eta inklusiboa izatea nahi badugu, egoera honi arreta jarri behar diogu», aipatu du Pili Legarra alkateak. Mundu bat Asteasun egitasmoaren barruan atzerriko jatorria duten herritarrek solasaldiak egingo dituzte hiru egunetan, eta horrekin batera, kultur aniztasuna ospatzeko ekitaldiak prestatuko dituzte azaroaren 4tik 6ra.

«Proiektu honek praktikoa izan nahi du. Atzerriko pertsonen oinarrizko beharrak bermatzeko eta elkarbizitza hobetzeko neurriak finkatu nahi ditugu», esan du herriko alkateak. Hiru solasaldi antolatu dituzte azaroaren 15ean, 22an eta 24an eta bertan parte hartzeko 626 23 58 84 telefonora edota kultura@asteasu.eus helbidera idatzi beharko da. «Proiektu honekin zubi berriak eraiki nahi ditugu bertan jaiotakoen eta atzerritik etorritakoen artean».

  • Azaroaren 15ean, asteartea: 14:30-16:15 eskolan, 18:30-20:30 udaletxean.
  • Azaroaren 22an, asteartea: 18:30-20:30 udaletxean.
  • Azaroaren 24ean, osteguna: 10:30-12:30 udaletxean.

Asteasun, gaur egun, 140 pertsona baino gehiago bizi dira atzerrian jatorria dutenak. 21 herrialde ezberdinetatik etorritakoak dira, besteak beste, Kolonbia, Ekuador, Maroko, Portugal, Nikaragua, Senegal, Ginea edota Pakistandik. «Gaur egun, herritarren %10 inguru atzerrian jaiotakoa da, kultura, hizkuntza eta erlijio aniztasuna bizi dugu», aipatu du Legarrak.  Elkarren arteko harremana bultzatzeko Mundu bat Asteasun egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du eta Prometea Aholkularitzarekin landu da proiektua.

Egitasmoan hasieratik hartu du parte herriko Xiri-Miri elkarteak. Aurre lanketa egin dute elkartetik eta prozesuaren edukiak, epeak eta komunikazioa landu dute elkarteko Feli Etxeberriak azaldu duenez: «Herri txikia garela aprobetxatuz, gutunak prestatu ditugu hizkuntza ezberdinetan atzerritarrak parte hartzera gonbidatuz». Irailean egin zuten aurkezpena herrian jaiotako etorkinen artean eta 30 lagun inguru bildu ziren. «Ekarpen interesgarriak egin ziren bertan», aipatu du Etxeberriak.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak ere begi onez ikusi du Asteasun abiatu duten egitasmoa. Amaia Iturri teknikariak esan du esku hartze komunitarioan oinarritutako gisa honetako proiektuak lehenengo urrats bat direla bizikidetza proiekturantz. Asmo honetan sakontzeko beste aukera baten berri ere eman du Iturrik. Sos Arrazakeriak bultzatzen duen Bizilagunak egitasmoa aurten azaroaren 20an egingo da eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu die asteasuarrei ere: «Jatorri ezberdinetako pertsonak eta bertakoak bazkari baten bueltan elkartzea ahalbidetzen du egitasmoak. Elkar ezagutuz, aurreiritzi eta estereotipoak puskatzea du helburu».

Pello Errota herri eskolak ere hartu du parte egitasmoan. Onintza Elduaien zuzendariak aipatu duenez, kultur aniztasuna aspalditik errealitatea bat da eskolan, «eta erronka ere bai». Aitortu du Elduaienek eskolak funtzio garrantzitsua betetzen duela gai honetan. «Atzerritik datozen familia askorentzat beraien haurrak dira euskararako zubia, eta ez hori bakarrik, bertan jaiotako beste gurasoekin harremanak egiteko ere abiapuntu izaten dira ikasgelako harremanak». Hizkuntza eta kultur aniztasunari tokia egiten diote Pello Errota eskolan eta saiatzen dira atzerrian jaiotakoak euskarara erakartzen. «Baina eskolaren lana ez da nahikoa. Ezinbestekoa da herri mailan gai honi heltzea, beharrak, zailtasunak eta aukerak detektatzea, eta kultur aniztasun osasuntsurako zubi berriak eraikitzea».

Hiru eguneko jaialdia

Asteasuko alkateak nabarmendu duenez, urtero ospatzen duten jatorri anitzeko festaren programa indartu egingo dute aurten eta kultur aniztasuna ospatzeko ekitaldi sorta prestatu dute.

  • Azaroak 4, ostirala. Miñan liburuaz solasaldia Amets Arzallusekin, 19:00etan udaletxean.
  • Azaroak 5, larunbata. Munduko ipuinak 11:30ean udaletxean.
  • Azaroak 6, igandea. Kulturarteko eguna Asteasun.
    • 11:45 Irekiera ekitaldia eta Mundu bat Asteasun prozesuaren aurkezpena.
    • 12:00. Atzerriko janari eta edarien dastaketa.
    • 16:30. Familientzat ginkana.
    • 18:00. Tik Tara taldearen kontzertua.

Aurrera begira urrats berriak emango dituztela hitz eman du alkateak. «Bertan jaiotako herritarrak ere interpelatu nahi ditugu».

JAVIER AGUIAR (EKUADOR) 

«Bost urte daramatzat Asteasun. Integrazioa ez da zaila izan niretzako, nik nire aldetik ere jarri dudalako nire alea. Hizkuntza eta kultura ikasteko saiakera egin dut. Nahikoa integratuta nagoela uste dut, lagun taldea daukat eta oso eroso nago. Edozein lekutan galdetzen badidate, Asteasukoa naizela esaten dut».

«Ekimen honen bitartez ezagutu ahal izan ditut herrian bizi diren beste etorkin batzuk ere. Ez bakarrik Latinamerikakoak, baita Afrikatik edota Europako beste herrialdetatik etorritakoak. Herrian integratzeko ahalegina egitea oso interesgarria da. Urtean behin egiten den jaialdia oso gauza polita da eta jatorri ezberdinetakoek egiten zaigun omenaldi gisa hartzen dut».

 

ASHLYN SIMMONS (AEB)

«Alaskan jaiotakoa naiz. Bospasei urte daramatzat Asteasun, eta aurretik beste batzuk egin nituen Donostian. Nire bikotea bizkaitarra da eta lantokia hemen duenez hona etorri ginen bizitzera».

«Nire esperientzia Asteasun oso ona izan da. Integratuta sentitzen naiz eta neurri batean nire alabak hemen jaio direlako da. Eskolako komunitateko kide naizenez, beste guraso batzuk ezagutu ditut eta lagunak dauzkadala sentitzen dut. Garrantzitsua izan da niretzat».

«Egitasmo hau oso interesgarria egiten zait. Beste herrialdeetatik etorri direnak animatzen ditut solasaldian parte hartzera, gure esperientzien berri eman eta bidean topatu ditugun oztopo eta zailtasunen berri eman dezagun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!