Julen Lopetegi Sevillako entrenatzailea kargugabetu dute

Ataria 2022ko urr. 5a, 23:32

Julen Lopetegi Europa Leagueko koparekin.

Borussia Dortmund taldearen aurka Txapeldunen Ligako multzokako faseko partidan 1-4 galdu du Sevillak; partida amaitu berritan eman du klubak hartutako erabakiaren berri. 2020an, Europa League txapelketa irabazi zuen.

Julen Lopetegik ez du Sevillako entrenatzaile izaten jarraituko. Duela minutu batzuk jakinarazi du talde andaluziarrak asteasuarra kargugabetu duela. Denboraldi honetan emaitza txarrak izaten ari zen taldea, eta horrelakoetan, prestatzailearen zereginak piztu ohi du arreta. Bada, gaur Txapeldunen Ligako multzokako faseko partida jokatu du Sevillak, Dortmundeko Borussia taldearen aurka, eta 1-4 galdu du. Emaitza honek erabakita utzi du Lopetegiren etorkizuna. 

2019ko ekainean sinatu zuen kontratua talde andaluziarrarekin, hiru denboraldirako. Lehen urtean, laugarren postuan amaitu zuen Espainiako Liga, hirugarrenarekin puntutan berdinduta. Gainera, entrenatzaile onenaren Miguel Muñoz Saria eman zioten denboraldi horretan. 2020ko abuztuan, Eropa League txapelketa irabazi zuen, finalean Milango Inter taldeari 3-2 irabazi ondoren. Europako Superkopako finalean, Municheko Bayern taldearen aurka jokatu zuen Lopetegiren taldeak, eta final borrokatu eta parekatu batean, azpitxapeldun izan zen Sevilla, 2-1 galdu ondoren.

2021eko ekainean, 2024era arteko kontratua sinatu zuen, egindako lan onaren ondorioz. Denboraldi horretan, Sevillak inoiz lortutako puntu kopururik altuena lortu zuen Lopetegirekin: 77.

Hala ere, kontratua sinatu eta urte pasatxora, Espainiako Ligan eta Txapeldunen Ligan lortutako emaitza txarren eraginez, klubak entrenatzaile kargutik kendu duela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!