Giro ederra sortu da Asteasuko Azokan

Leyre Carrasco 2022ko irailaren 25a

Bi urteko etenaren ostean, inoiz baino indartsuago berreskuratu dute Asteasuko Azoka. Bertan, baserriko produktuak nahiz artisauek egindakoak erosteko eta ganadua ikustekoa aukera ere egon da.

Giro ederra sortu da goizean Asteasuko Azokan. Artisauek postu ugari jarri dituzte plazan, eta frontoia ere postuz beteta egon da. Guztira 40 postu inguru jarri dituzte, eta hurbildu diren guztiek produktuak dastatu eta erosteko aukera izan dute. Jakiak ez ezik, hainbat artisau postu ere izan dira bertan, eta herriko, bailarako zein Euskal Herriko beste hainbat lekuetatik etorritako artisten lanak erosteko aukera ere izan da. Ondoko belardian ere izan da zer ikusi. Izan ere, bertan jarri dute ganadua.

Postuez gain, herriko kalabazen erakusketa ikusteko aukera ere izan da, eta 12:00etan arroz-esne lehiaketaren sari banaketa egin dute. Gosearekin zegoena tripa betetzeko tartea ere izan du. Txekor errearen pintxoak izan dira alde batetik, eta bestetik, taloen postua ere egon da plazan.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:30ak bitarte egongo da azoka. Baina, arratsaldean, dantza gogoz denak, azokaz gain erromeria izango du Asteasuko trikitilarien eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!