40 postu eta 200 abelburu izango dira Asteasuko azokan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 21a, 07:58

Asteasuko Udalak guztia prest du igandeko azokarako; 10:00etan izango da irekiera, eta arroz-esne lehiaketaz gain, herriko kalabazen erakusketa egingo dute.

Bi urteko etenaren ostean, bueltan da Asteasuko Azoka eguna. Iraileko azken igandearekin egiten zuten, eta ohiko antolaketa ereduari eutsiz prestatu dute aurtengoa ere. Alde batetik ganaduaren azoka egongo da, eta bestetik, artisauen eta elikadurari lotutako postuak izango dira. Egun osoko festa izango da igandekoa.

10:00etan emango diote hasiera azokari eta 14:00ak bitarte postuz postu ibiltzeko aukera izango da, eta azokara gerturatzen direnek ganaduaren gunean ere izango dute zer ikusi: «200 bat animalia bertan izatea aurreikusten dugu», dio antolatze lanetan ari den Asier Baglietto kultur teknikariak. Larre behiak, esne behiak, ahuntzak,... denetarikoak izango dira. «Gipuzkoako Astozale elkarteak ere postu bat izango du, eta astoen erakusketa bat ere egongo da», gehitu du.

Postuei dagokionean, Euskal Herri osotik jasotzen dituztela eskaerak, eta aurten 40 postu inguru izango dituztela zehaztu du Bagliettok. Artisau xaboiak, larrua lantzen duen jendea, gaztagileak, eztiarekin lan egiten dutenak, haurrentzakoak, joskintzatik egiten diren lanak,... zerrendatu ditu, eta gutxi gorabehera urterokoak direla argitu du.

Azoka eguna izaki, herritarrei ere deialdia egiten diete parte hartzeko: «Hemen dauden baserritarrek edota merkatariek beraien postua jarri dezaten ahalegintzen gara, eta horiek ere izango ditugu». Postu batzuk goizez bakarrik egongo direla nabarmendu du, eta beste batzuk goiz eta arratsalde.

ARRATSALDEAN, ERROMERIA

Postuez gain, eta hauek ere herritarrei zuzenduta, lehiaketa bat eta erakusketa bat antolatu dute. Arroz-esne lehiaketa mantentzea erabaki dute, baina berezitasun batekin: «Parte hartzeko asteasuarra izan beharko da». Parte hartu nahi dutenek etxean egin behar dute arroz-esnea, eta 11:00etarako azokan jarriko duten postuan aurkeztu beharko dute. «Errezeta librea da, bakoitzak bere gaitasun eta elikagai propioekin egin beharko du», esan du teknikariak.

Behin aurkeztutako arroz-esne guztiak dastatuta, 12:00etan Arroz-esne lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Lehiaketaz gain, herriko kalabazen erakusketa egingo dute. «Urteren batean lehiaketa moduan planteatu izan da, zenek kalabaza handiagoa ekarri, baina aurten erakusketa moduan antolatzea erabaki dugu». Kalabaza mota ezberdinak publikoari erakustea da helburua. Kalabaza plazara eraman nahi dutenek egunean bertan gerturatu beharko dute azokara. «Arroz-esnearen postuaren inguruan ibiliko gara, eta bertan bilduko ditugu, eta bertan jarriko ditugu erakusketarako mahai batzuk», azaldu du kultur teknikariak.

Behin azoka martxan jarrita, 11:00etatik aurrera tripa betetzeko aukera izango da. Txekor errearen pintxoak izango dira alde batetik, eta bestetik, taloen postua ere egongo da.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:30ak bitarte egongo da azoka. Baina, arratsaldean, dantza gogoz denak, azokaz gain erromeria izango du Asteasuko trikitilarien eskutik.

Bi urte eta gero, azokarekin bueltatzea eta aurreko urteetako erronkei eustea izan dute helburu Asteasuko Udalean. «Herriko jendea azokaren zain zegoen, eta artisauen aldetik ere gogoz daudela ikusi dugu», esan du Bagliettok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!