Irrikletaren azkeneko etapa egingo dute gaur

Ataria 2022ko abuztuaren 6a

Zegamara iritsiko dira eguerdian eta handik Asteasuko plazara bitarteko bidea egingo dute arratsaldean, aurtengo ekimenari amaiera emanez.

Mattin Gizarte Abenturako hezitzaileek Euskal Herriko hainbat txokoetan irria zabaltzea dute asmoa. Halaxe egin zuten pasa den udan, furgoneta bat hartuta eta hainbat herritatik barrena itzulia eginez. Ekimenari Irrineta jarri zioten izena. Aurten, ordea, furgoneta alde batera utzi eta bizikletak hartu dituzte. Astelehen eguerdian hasi zuten abentura Asteasuko plazan eta bertara itzuliko dira gaur iluntzean. Azkeneko etapa dute gaurkoa: Lekunberritik Zegamara eta handik Asteasura iritsiko dira. 110 kilometroko etapa da.

Elizondon izan ziren ostegunean eta "izugarrizko" arrakasta izan zutela aipatu du ekimeneko kide Beñat Garciak. "Jolas gehiago egitea eskatu ziguten, jende asko ezagutu genuen eta oso pozik atera ginen Elizondotik". Ostiralean Elizondotik Lekunberrira bitarteko bidea egin zuten. "Irrikleta honetan etaparik gogorrena", aipatu dute Beñat Garcia, Josu Arrikarte eta Eneko Larrañaga Irrikleta egitasmoko partaideek. Lekunberrin, atzo arratsaldean jolas batzuk egin zituzten kalean.

Gaur dute azkeneko etapa. Zegamara iritsiko dira eguerdi partean eta han ere ekimenen bat egiteko asmoa dute Irrikletako partaideek. 17:00etan abiatuko dira Zegamatik Asteasura. Guztira, 110 kilometro egiteko asmoa dute gaur bizikleta gainean.

Irrikletari amaiera emango diote gaur, baina dagoeneko hasi dira pentsatzen hurrengo urteko egitasmoan. "Hau ez da hemen geratuko eta datorren urtean ere segiko dugu", esan du Garciak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!