Euskal Herrian barrena irria zabaltzeko asmoz

Ataria 2022ko abuztuaren 3a

Beñat Garcia, Josu Arrikarte eta Eneko Larrañaga Irrikleta egitasmoko partaideak dira. Mattin Gizarte Abenturako hezitzaileek astelehenean abiatu zuten abentura bi gurpilen gainean. Hirugarren etapa dute gaurkoa, eta Elizondon pasako dute eguna.

Mattin Gizarte Abenturako hezitzaileek Euskal Herriko hainbat txokoetan irria zabaltzea dute asmoa. Halaxe egin zuten pasa den udan, furgoneta bat hartuta eta hainbat herritatik barrena itzulia eginez. Ekimenari Irrineta jarri zioten izena. Aurten, ordea, furgoneta alde batera utzi eta bizikletak hartu dituzte. Astelehen eguerdian hasi zuten abentura Asteasuko plazatik abiatuta. 

Donibane Lohizune izan zuten lehen etapa. Bertan, xakeko jolasak egin eta bi lagun talde ezagutu zituzten. Deskantsatzeko eta indarrak hartzeko tartea ere izan zuten. Izan ere, atzo goizean goiz ekin behar izan zioten bigarren etapari: Baiona. Arratsaldean Labenneko ur parkera iritsi ziren. Bertan, hiru familia euskaldun ezagutu eta jolasak egin zituzten elkarrekin. 

Atzo bezala gaur goizean goiz eman diote hasiera hirugarren etapari. “Momentuz oso ondo dijoa bidaia. Motel bateko gela txiki batean lo egitea tokatu zaigu, baina gaua pasatu dugu eta listo. Beste egun bat”, kontatu dute hezitzaileek. Eguerdian iritsi dira Elizondora, eta arratsaldeko plana prest dutela azaldu dute: “Jendearengana hurbilduko gara jolasak egin eta irriak ateratzera, proiektuaren helburua hori baita”. 

Bihar laugarren etapari ekingo diote: Lekunberri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!